Emoitza onak Formula Student Bizkaia taldearentzat
2019-08-28 13:40 Pil-pileanSilverstone eta Montmelóko lasterketetan lehenengo hamarren artean sartu da euskal prototipoa.
Errekorren urtea izan dau hau Formula Student Bizkaia taldearentzat, proiektuaren arduradunek ohar baten adierazo dabenez. Bilboko Injineruen Eskolako ikasleen autoak bederatzigarren lekua eskuratu eban pasa dan asteburuan Bartzelonako Montmeló zirkuituko Formula Student Spain lasterketan, motor elektrikoen kategorian.
Horrenbestez, barriro sartu da lehenengo hamarren artean. Garagarrilean, Ingalaterrako Silverstone zirkuituko lasterketan hamargarren izan zanez, urte berean bi aldiz sartu da euskal prototipoa lehenengo hamarren artean. Orain arteko emoitzarik onena da 2019ko hau, kontuan hartuta Formula Student Bizkaia Silverstonen egon dala urtero 2008tik eta Montmelón 2011tik.
Ganera, Formula Student Spain lehiaketako sailkapen nagusiko postu bikainaz gan, beste sailkapen batzuetan be goi-goian ibili dira Bilboko Injineruen Eskolakoak Montmelón. Energia eraginkortasunean bosgarren izan da euren autoa, Erresistentzian zortzigarren, Kostuan, Fabrikazinoan eta Jasangarritasunean bederatzigarren, eta Diseinuan hamargarren.
Mundu osoko unibersidade eta ikastegi ugarik hartzen dabe parte era honetako lasterketetan. Aitzindaria Silverstone izan zan, baina beste herrialde batzuetan be hasi dira antzekoak antolatzen. Montmelón, berbarako, 21 herrialdetako 86 proiektuk hartu eben parte.
Formula Student Bizkaia taldean EHUren Injineruen Eskolako 54 ikasle eta lau irakasle dagoz. Eurek diseinau eta eregitako monoplaza-autoa karbono zuntzezko kaskobakarreko txasisdun ibilgailu elektrikoa da, 2,5 metro luze eta 1,8 metro zabal, 210 kiloko egituraduna. 100 km/h-ra heltzeko hiru segundo behar ditu, eta potentzia osoan (110 CV) eta puntako abiadurako 110 km/h-an 22 kilometroko autonomia dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!