Gero eta gehiago erabilten da Irakurketa Publikoaren Sarea
2019-08-28 12:21 KultureaEAEko 300 liburutegi eta ia miloe bat erabiltzaile dagoz sare horretan.
Eusko Jaurlaritzeak jakitera emon ditu Euskadiko Irakurketa Publikoaren Sareko 2018ko datuak, ohar baten bidez. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 300 liburutegi publiko baino gehiago dagoz sare horretan, baita eLiburutegia atari digitala be. Danetara, ia miloe bat lagun dagoz izena emonda. 2018ko datuek agertzen dabenez, gero eta erabiltzaile eta mailegu gehiago ditu Irakurketa Publikoaren Sareak.
Izan be, 2018an, 2,6 miloe liburu baino gehiago hartu zituen erabiltzaileek maileguan. Horri gehitu behar jakoz eLiburutegiaren bidez hartutako 57.000 argitalpen digitalak. Batez be, liburutegi digitalean igarri da erabiltzaileen igoerea (% 25, aurreko urteagaz alderatuta).
Maileguan gehien hartutako liburua Eva García Sáenz de Urturiren Los ritos del agua izan zan, 2.703 bidar. Euskerazkoen artean, Uxue Alberdiren Jenisjoplin (1.091), Eider Rodriguezen Bihotz handiegia (939) eta Kattalin Minerren Nola heldu naiz ni honaino (580) izan ziran aukeratuenak igaz.
Ikus-entzunezko produktuetan, euskerazkoak izan ziran nagusi 2018an. Mailegu gehien Txirri, Mirri eta Txiribitonen Triki, Traka, Tron lanak izan zituan, 1.680. Diskoen artean be, euskerea nagusi: Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Korrikaren kantua (170) eta, helduen produktuetan, Berri Txarrak taldearen Infrasoinuak (73).
Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea udal-liburutegiek osotzen dabe, baina badagoz beste erakunde batzuenak be (Eusko Jaurlaritzea, Artxibo Historikoa, HABE, Lazkaoko Beneditarren Artxiboa, Zarauzko Photomuseuma…). Danen artean, katalogoan 1.195.780 titulu ditue. Kontuan izan behar da katalogoko edozein liburu hartu leitekela norberaren liburutegitik. Hortaz, miloeka aukera daukiez erabiltzaileek herriko liburutegitik mobidu barik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!