Aste Nagusiaren eredu herrikoia nabarmendu dabe Konparsek

Bizkaie! 2019-08-27 09:11   Pil-pilean

Jaigunean udaltzain gehiegi egon dirala salatu dabe.

Argazkia: Bilboko Konparsak | Ikusi handiago | Argazki originala

2019ko Aste Nagusia amaituta, Bilboko Konparsek agerraldia egin dabe, jaien balorazinoa egiteko. Programazinoan egin dituen barrikuntzek publikoaren erantzun ona izan dabela nabarmendu dabe, eta gizartearen jarrera eredugarria txalotu. Zalantza barik, munduko jairik onenen gakoa jentea bera da, adierazo dabe agerraldian.

Parte-hartzea ezinbestekoa da Aste Nagusiaren ereduari eusteko. Konparsek emondako datuaren arabera, jarduera gehienek jente ugari erakarri dabe: esate baterako, sukaldaritza lehiaketetan 750 lapiko aurkeztu dira. Arau barriek parte-hartzaile gehiago eta gazteagoak erakarri ditue. Uri Krosean, ostera, 1.915 korrikalari egon dira.

Konparsek 566 jarduera atondu ditue Aste Nagusiko egitarauan. Arazo teknikoak dirala eta, horreetako bost ezin izan dira egin, baina ganerakoetan parte-hartze bikaina egon dala azpimarratu dabe. Batez be, Arriaga plazako giroa indartu izanak poztu ditu, Gargantuari eta bits-jaiari esker. Erripa kaiko jarduerak be gogoan izan ditue, baina Udalak baimendutako salmentarako etxolek traba egin deutsiela salatu dabe.

Hain zuzen be, horixe da Konparsek aurten aitatu daben hobekuntzarako alor bat. Interes pribaduek eta Udalaren trabek jaiaren berezko izakera herrikoi eta parte-hartzaileari kalte egin deutsiela uste dabe. Halandabe, aurten be, eredu herrikoiak eta alkarlanak gainditu egin dabe negozio pribadua. Hurrengo urteetan eredu biak hobeto buztartzeko, Udalagaz berba egiteko prest dagozala dinoe Konparsek.

Bestetik, segurtasunaren izenean, jaigunean udaltzain larregi egon dirala salatu dabe, eta ez beti jarrerarik onenagaz. Kopetilun patruilatzen eta jaigiroa zapuzten ibili ei dira. Eguazten arratsaldean konparsakide bat 18 orduz atxilotuta euki ebela eta txarto tratau ebela, arrazoi garbi barik, salatu dabe Konparsek.

Udaltzainen jarduerearen erantzule dan ezkero, Juan Mari Aburtori Bandera Marroia emon deutsie Bilboko Konparsek. Jaietako alderdi negatiboena nabarmentzen dau ikur horrek. Jaiguneko eta uriko segurtasuna aztertzeko orduan hausnarketa sakonagoa egin behar da, eta berau bermatzeko oso bestelako bide eta lanketak behar dira, dinoe.

Bestetik, Aste Nagusiko onena saritzen dauen Bandera Urdina Bilbo Kantari ekimenari emon deutsie. Musikaz eta herri doinuz bete ditu Zazpi Kaleak aurten be, eta, Aste Nagusian ez eze, urte osoan, hilero-hilero, antolatzen ditue kantaldiak, zehaztu dabe sariaren barri emoterakoan.

Kontuak kontu, bederatzi eguneko jaiaren ostean, txosnak desmuntatzen dabiz Konparsak. Jai honen errautsetatik sortuko dira hurrengoak: San Tomasak, Aratusteak, 2020ko Aste Nagusia eta abar. Parte hartu nahi dabenentzat, 28 konparsek ateak zabalik dituela gogoratu dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu