Bertsolaritzearen eraldaketea aztertuko dabe Udako Ikastaroetan

Bizkaie! 2019-08-21 12:43   Bertsolaritzea

Eguenean eta barikuan izango da ikastaroa, Donostian.

Ikastaroko hizlari batzuk: Aizpurua, Artetxe, Maia, Irazu, Zubiri eta Iguaran (argazkia: Mintzola) | Ikusi handiago | Argazki originala

Mintzola Ahozko Lantegiak atondu dau Euskal kulturari so. Bertsolaritzaren artikulazioak izeneko ikastaroa, EHUko Udako Ikastaroen egitarauaren barruan (20 orduko balio akademikoa). Kulturearen eta bertsoaren munduko adituen eskutik, euskal kulturearen konsumoa eta transmisinoa aztertuko ditue, bertsolaritzea oinarri dala.

Abuztuaren 22an eta 23an izango da ikastaroa, Donostiako Miramar jauregian. Lehenengo egunean, Josu Amezaga eta Iratxe Retolaza ikertzaileek ikuspegi orokorra emongo dabe, eta, ondoren, bertsolaritzara begira jarriko dira parte-hartzaileak, Harkaitz Zubirik emondako jakingarriei esker. Gero, hiru adituek mahai-ingurua egingo dabe, Karlos Aizpuruak gidatuta.

Bigarren egunean, bertsolaritzeari inguruan egokitu jakozan eraginak jorratuko ditue, eta horreetara zelan moldatu dan. Izan be, aldaketa ugari izan ditu bertsolaritzeak azkenaldion, hainbat fenomeno sozial eta kulturalek bultzatuta. Rocka, 1990eko bertsolari gazteak, emakumeak, hiztun barriak eta abar aitatuko ditue, hainbat adituren azalpenetan: Alberto Irazu, Oihana Iguaran, Jon Maia eta Miren Artetxe.

Ikastaroa biribiltzeko, bertso saio feministea entzuteko aukerea izango dabe bertaratutakoek. Miren Amuriza eta Nerea Ibarzabal bertsolari ezagunek kantauko dabe, Maite Berriozabal gai-jartzaileak lagunduta. Saioaren nondik norakoak be komentauko ditue entzuleakaz.

Egitarau osoa hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu