EHUko ikasleak, hirugarren urtez Punta Begoñan
2019-08-21 09:23 KultureaEraikina lehengoratzeko lanean laguntzen dabe.
Punta Begoñako Galeriak, Getxoko ondare arkitektonikoaren erreferenteetako bat, konpontzen eta lehengoratzen dabiz 2014. urtetik, antxinako disdirea berreskuratu deian. Getxoko Udala eta EHU hasieratik izan dira proiektuaren bultzatzaile, eta orain dala hiru urtetik, EHUko Arte Ederren Fakultadeko ikasleak trebatzeko gunea izan da.
Kultur Ondareen Konserbazino eta Zaharbarritze Graduko hirugarren eta laugarren mailako ikasleek zein doktorautzakoek hartzen dabe parte udako programa horretan. Aurten be, lan eta lan dabiz dozena bat gazte, irakasleen gidaritzapean.
Hiru urteotan, ikasleek Punta Begoñako areto nagusia egokitu dabe, eta iparraldeko eta hegoaldeko galeria zaharbarritzen hasi dira, puzzleak osotuta olanbrilakaz (irudi bat marraztuta daukien zazpi zentimetro inguruko azulejo karratuak). Guztira 25-30 irudi topau ditue, orain arte inoz ikusi bako baten bat tartean.
Hainbat arlo lantzen ditue EHUko ikasleek: zeramikea, marmola, esgrafiatuak eta abar, eta ikasteko bide oso garrantzitsua dala ziurtatu dabe unibersidade publikoko arduradunek, zaharbarritze-prozesu eta euskarri asko erabilten diralako, eta gaitasun asko landu. Lola Rodriguez EHUko irakasle eta ikertzailearen arabera, ikasteko modu bizia da, bertatik bertarakoa, eta proiekturako be onuragarria da, ikasleen lana laguntzino handia dalako.
Ganera, Punta Begoñako Galeriak lehengoratzeko proiektu orokorraren helburua ondare arkitektonikoa aztertu, konpondu eta garbitzeko lanetik harago doa. Gizartean zabaltzeko balioak sortu nahi ditue, prozesu guztia herritarrei hurreratu, jenteak Punta Begoñako ondarearen eta historiaren inguruko kontzientzia hartu deian. Getxogaz bat datorren eremu bizia sortzea da asmoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!