Harrera beroa izan dabe euskal artistek Edinburgon
2019-08-20 13:19 KultureaArte eszenikoetako eta literaturako 48 sortzaile egon dira Eskoziako uriburuan.
Abuztuaren 7tik 18ra, Edinburgoko Fringe jaialdian eta nazinoarteko liburu azokan protagonista izan dira euskal sortzaileak, Etxepare Euskal Institutuak martxan jarritako #ScotlandGoesBasque ekimenari esker. Euskal Herriko sorkuntza garaikidea atzerrian zabaltzeko zubia izan da Eskoziako uriburua, kasu honetan arte eszenikoak eta literaturea ardatz. Aurretik, udabarrian, euskal zinemeak hartu eban Edinburgo.
Oraingo honetan, ordezkaritza zabala eta goi mailakoa joan da Euskal Herritik Eskoziara, 48 sortzaile guztira. Oso egun biziak izan dirala dinoe Etxeparekoek, denpora laburrean ekitaldi asko egon diralako. Baina emoitzea bikaina izan da, eskoziarrek harrera beroa egin deutsielako. Nazinoartean oihartzuna lortzeaz gan, atzerriko eragileakaz hartu-emonak sendotu ditue artista eta idazleek.
Irene Larraza Etxepare Institutuko zuzendariak zera adierazo dau: Lehen aldia da diziplina ezbardinetan, toki berean eta batera, holako programa bat sustatzen doguna. Aste oso oparoa izan da, eta oso pozik gagoz emoitzeagaz. Euskal sortzaileak nazinoartekoakaz buruz buru jardun leitekezala ganeratu dau.
Edinburgon erakutsitako hainbat sorkuntza Euskal Herrira be etorriko dira laster. Esate baterako, Eskozian estreinautako Atlantik 1050 ikuskizuna Atlantikaldia jaialdian ikusi ahal izango da irailean. Txekhov vs Shakespeare ekimenaren emoitzea jasoten dauen emonaldia, ostera, Literaktum topaketan egongo da.
Bestetik, #ScotlandGoesBasque programea bera be ez da amaitu. Hurrengo geldialdia Eskoziako unibersidadeetan (Edinburgon zein Glasgown) egingo dau, urrian. Batetik, Mugarik bako ala mugatutako esparrua? Hizkuntza gitxituetako hedabideak eremu digitalean mintegia egingo dabe; bestetik, Europa Transit egitasmoko dokumentalak proiektauko ditue.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!