Behar berezidun umeentzako erraztasunak Lekeitioko jaietan

Bizkaie! 2019-08-20 08:57   Pil-pilean

Txartel berezi bati esker, barraketan eta puzgarrietan gitxiago itxaron beharko dabe.

Proiektu aitzindaria jarriko dau martxan Lekeitioko Udalak irailaren 1etik 8ra egingo diran San Antolin jaietan. Behar bereziak dituen umeek besteen pare disfrutau ahal izan deien, barraketako eta puzgarrietako arauak egokituko ditue. Holan, neska-mutil guztiek izango ditue ondo pasetako erraztasunak.

Beharrizan berezidun ume batzuei ilaretan larregi itxarotea ezinezkoa egiten jakela ikusita, txartel bat eskatu leikie familiek udaletxean, Gizarte Zerbitzuen alorrean. Txartel horri esker, lehentasuna izango dabe barraketan edo puzgarrietan sartzeko, horrenbeste ilara itxaron barik. Horrek umeei zein familiei jaiez disfrutetea erraztuko deutsalakoan, eta ganerako erabiltzaileek neurri hau ulertuko dabelakoan dago Udala.

Txartelak eskatzeko epea zabalik dagoala jakin eragin dabe Lekeitioko Udaleko arduradunek. Ganera, zarata handiak jasateko arazoak dituen umeen aldeko beste erabagi bat be hartu dabe, barraketako beharginakaz adostuta. Irailaren 2an eta 7an, 17:00etatik 19:00etara, barraketan ez dabe musikarik jarriko, zarata eta soinu ozenakaz hipersensibilidadea dabenak lasaitasunez ibili daitezan atrakzinoetan.

Ekimen barria da honako hau, eta aurtengo jaiak proba moduan erabiliko ditu Udalak. Jasoten dituan eretxien arabera, hurrengo urteetan hobeto egokitu ahal izango dabe egitaraua beharrizan bereziak dituen umeentzat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu