Erriberako merkaduaren 90. urteurrena ospatzeko kupoia

Bizkaie! 2019-08-19 11:43   Pil-pilean

Hilaren 24ko ONCEren zozketako txartelak eraikinaren irudia izango dau.

Ekitaldi jentetsu baten aurkeztu dau ONCE erakundeak hilaren 24ko zozketarako kupoia. Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Juan Carlos Andueza ONCEko ordezkaria, Udaleko zinegotziak eta abar egon dira agerraldian. Izan be, Erriberako merkaduaren 90. urteurrena gogoratuko dau kupoi berezi horrek. Bilboko eraikin enblematikoenetako bat bihurtu da Erriberakoa bederatzi hamarkadako ibilbidean.

Erriberako merkadua, edo plazea, 1929ko abuztuaren 22an inaugurau eben. Pedro Ispizua arkitektoak diseinau eban eraikin arrazionalistea, hormigoi armaduan egina, modernoa, funtzionala eta monumentalistea. 1971n, Mercabilbaoren inaugurazinoaren eraginez, merkaduak jarduerearen zati handi bat galdu eban, baina auzoko ardatzetako bat izaten segidu dau, Zazpi Kaleetako eta Bilbo Zaharreko bezeroentzako alkargune da eta.

1983ko uriolen ondoren, eraldaketa sakona egin eutsien eraikinari. 1990ean Guinness errekorren liburuan sartu zan, Europako merkadu estalirik handiena zalako, 10.000 metroko koadroko azalereari esker. 2012an barriro inaugurau eben merkadua, ekipamendu eta itxura barria emon eta gero. Gaur egun, eguneroko erosketetarako gunea, tabernak eta jatetxeak ditu barruan. Ganera, turista ugari erakarten ditu, eraikinaren arkitektureagaitik zein itsasadarreko ikuspegiagaitik.

Kontuak kontu, zapatuan, hilak 24, Erriberako merkaduaren irudia dakarren kupoiaren zozketea egingo dau ONCEk. Dagoeneko salgai dagoz bost miloe kupoi baino gehiago. Asteburuetako zozketei jagoken legez, kupoi honegaz sari bereziak irabazi ahal izango dira, ohikoez gan.

Honako hau ez da Bilboko sinbolo eta monumentuei eskainitako lehenengo kupoia. Aurretik plazaratu izan dira Athletic Cluben mendeurrenari, Guggenheim Museoari, Euskalduna Jauregiari eta San Tomasetako azokeari eskainitakoak, besteak beste.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu