Bizkaiko Antzoki Sarea bultzatzeko laguntzinoak
2019-08-14 11:40 KultureaForu Aldundiak 535.000 euroko ekarpena egingo dau.
Bizkaiko Foru Aldundiak oinarrizko helburu bi lortzeko asmoz atera dau diru-laguntzinoen programa hau, Euskadiko Antzokien Sareak Bizkaian dituan agertokiei zuzenduta. Alde batetik, arte eszenikoen arloan programazino egonkorra sustatu nahi dabe erakunde publikoetatik; eta, bestetik, jenteari ikuskizunon konsumorako erraztasunak emongo deutsiez. Arte eszenikoei lotutako jarduerek garapen kulturala zein ekonomikoa dakarre Bizkaiarentzat, Foru Aldundiaren arabera.
Zehatz esanda, udalek kudeatzen dituen eta Antzoki Sareko parte diran zentroetan, 2019an programautako antzerki, jantza eta musika ikuskizunak babesteko deialdia da. Aurrekontua 535.000 eurokoa da, eta udalek, erakunde autonomoek, soziedade publikoek eta fundazino publikoek eskatu leikie. Irailaren 3tik 9ra egongo da epea zabalik.
Ekimen hau ez da barria, Bizkaiko Foru Aldundiak urtero egiten dau Sarearen parte diran antzokiei bultzadea emoteko apustua. Igaz, esate baterako, 516 ikuskizun eszeniko lagundu zituan era honetako deialdien bidez.
Euskadiko Antzoki Sarea sortzeko arrazoi nagusia arte eszenikoen produkzinoaren eta zabalkundearen arloan administrazino guztien arteko ahaleginak batzea izan zan. Gaur egun, Bizkaiko 24 antzoki dagoz Sarean.
Alderdi kulturala ez eze, kontuan hartu behar dira konpainiak, euren artistak eta talentua, produkzino teknikoari lotutako personak eta ekipamenduak, baita eguneroko jarduneko beharrizanak be. Horregaitik guztiagaitik Bizkaiko antzokien sarea benetako erreferentea da zuzeneko arte eszenikoen kudeaketan, eta garapen kulturala eta sozio-ekonomikoa sustatzen ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!