Garraitz ugarteko indusketei berrekin deutsie

Bizkaie! 2019-08-13 08:45   Kulturea

Lekeitioko Atabaka alkartekoek eta dozenaka herritar boluntariok hartuko dabe parte.

Pixkanaka bada be, badoa aurrera Lekeitioko Garraitz ugarteko ondare arkeologikoa azalera ateratzeko lana. Lantzean behin, batez be udan, indusketak egiten ditue Atabaka alkarteko kideek, antxinako aztarna eta tresna gehiago topetako asmoz. 2015ean hasi eben Garraitz 25 izeneko proiektua, inguruaren iragana argitara ekarri eta gizarteratzeko helburuz. Oraingo honetan, martitzenetik barikura (hilaren 13tik 16ra) ibiliko dira horretan.

Orain arte, ondare aberatsa agertu da Garraitzeko alderdi batzuetan. Izan be, azken hamarkadetan han inor bizi izan ez bada be, aurreko mendeetan jarduera ugari egon ziran ugartean. Eraikin batzuen zimenduetako harriak agertu dira, eta objektu ugari. Zezeilean egindako saioan, esate baterako, XIV. mendekoa izan leiteken txanpona topau eben.

Atabakakoek Aranzadi Zientzia Alkarteko adituen laguntzinoa dabe indusketak non eta zelan egin jakiteko, eta agertutako aztarnak identifiketako. Dana dala, herritarren lan boluntarioa da indusketen oinarria. Deialdia egiten daben bakotxean, dozenaka lekeitiar eta inguruko beste jente asko joaten da Garraitzera, lan arkeologikoan laguntzeko.

Aste honetako deialdian, Garraitzen agertutako baseleiza edo komentu zaharraren aztarnen inguruan egingo ditue indusketak. Boluntario joan nahi dauenak 09:00ak orduko Garraitz inguruan agertu baino ez dauka, lau egunetan zein egun solte batzuetan. Gitxi gorabehera 15:00ak arte jardungo dabe lanean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu