Erasorik bako jaigunea nahi dabe Bilboko Konparsek
2019-08-12 13:30 Pil-pileanEhun bat emakume konparsakide batu dira Arriaga plazan aldarrikapena egiteko.
Azkenengo urteotan Bilboko Konparsen ardura nagusietako bat izan da euren txosnagunea eraso matxistetatik eta bestelakoetatik libre dagoan eremu bihurtzea. Aurten be, horren alde lan egingo dabe, goizeon egindako agerraldian adierazo dabenez. Arriaga plazan ehun bat andrazko konparsakide batu dira, eta danen artean autodefentsa berbea osotu dabe.
Autodenfensarako baliabideen alde egin dabe Konparsek erasoei aurre egiteko, holan besteen menpe ez egoteko. Bildur barik ibili nahi dabe jaigunean, txosnetan zein etxerako bidean. Urteak daroaguz erasorik bako jaigunea eregiteko lanean, gozamena, errespetua eta alkarzaintzea izan daitezan Aste Nagusia definiduko daben berbak, azaldu dabe.
Jaietako giroaz askatasunez disfrutau nahi dabela ganeratu dabe Konparsetako emakumeek, ezelako erasorik jasateko arrisku barik egin nahi dogu jantzan, barre, kantu eta poteau. Ez ditue onartuko babosoen piropoak eta matxiruloen jazarpena.
Erasoen gaia sakon aztertzeko lantaldea urte osoan dauka martxan Konparsen Federazinoak. Erasoen inguruko protokoloa garatzeaz gan, prebentzinorako neurriak be pentsetan ditue, konparsa guztien artean jaigune seguruagoa eregiteko.
Igazko moduan, aurtengo Aste Nagusian be eraso bako jai eremua banderatxu moreen eta pankarten bidez seinalauko dabe konparsek. Erasotzaileek jakin deien ez dirala ondoetorriak. Edozein arazo izan ezkero, konparsetako kideei laguntzinoa eskatzeko deia egin dabe. Erasoren bat dagoanean mobilizazinok antolatuko dituela aurreratu dabe, eta, beharrezkoa izatekotaz, jaiak geratuko dituela.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!