Lehiaketarik ez aurtengo Algortako San Lorentzo azokan

Bizkaie! 2019-08-09 12:16   Pil-pilean

Baserriko produktuen azokea eta Biotz Alai abesbatzearen ohiko kontzertua ez dira faltauko.

San Lorentzo azokea, Algortan (argazkia: BBK) | Ikusi handiago | Argazki originala

Abuztuaren 10ean, San Lorentzo egunez, azoka berezia egiten dabe urtero Getxoko Algorta auzoan, Kultur Etxeak eta BBK-k antolatuta. Bizkaiko azokarik entzutetsuenetako bat da, inguruko produktore nabarmenenak egoten dira eta. Gitxi gorabehera, 18.000 bisitari erakarten ditu feriak.

Nobedade batzuk dakarz, baina, aurtengo edizinoak. Lehiaketarik ez da egongo, horixe aldaketarik handiena. Orain arte, Idiazabal gaztaien, ortuarien eta landaren sariketak egon izan dira. Aurten, ostera, nahiago izan dabe bertoko produktoreei leku zabalagoa emon, lehiaketen formatua alboratuta.

Danetara, 52 postu izango ditu San Lorentzo azokeak: sasoiko ortuari eta fruta fresko-freskoak ez eze, sagardaoa, lorak, ogia, eztia, txakolinak, postreak... egongo dira salgai. Taloa jateko postuak be ipiniko ditue. Goizeko 10:00etan zabalduko dabe azokea, eta 14:30ak bueltan zarratu.

San Lorentzo eguna biribiltzeko, Algortako Biotz Alai abesbatzeak kontzertua emongo dau, urtero egun horretan egiten dauen legez. Beste aldaketa nagusietako bat da, kontzertua Muxikebarri areto barrian egingo dabela lehenengo aldiz. Gonbidapen bidez sartu ahal izango da, baina Getxoko Kultur Etxeak ohartarazo dau gonbidapen guztiak banatu dituela dagoeneko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu