Santurtzitik Bilborako erromesaldia egingo dau Begoñako Amaren irudiak
2019-08-08 10:38 KultureaAurten baino ez dabe egingo ekitaldi berezi hori, Begoñako Anaidiaren 500. urteurrenagaitik.
Abuztuaren 15a, Ama Birjinearen Eguna, berezia izaten da Begoñako Basilikearen inguruetan. Bizkaiko herri askotatik joaten dira bisitariak, eta jai giro polita egoten da. Aurten, Begoñako Anaidiaren 500. urteurrena ospatzeko ekitaldien barruan, Begoñako Amaren irudia itsas-prozesinoan aterako dabe. Bezperan izango da, eguaztenean, hilak 14.
Urtean zehar Aste Santuko Pausuen Museoan egoten da irudi hori. Begoñako Kofradiakoek Santurtzira eroango dabe, orain arte sekula egin ez dan ibilaldirako. Karmengo Amaren prozesinoan santurtziarrek erabilten daben ontzian sartu, eta itsasadarrean gora, Bilbora eroango dabe.
Hori baino lehen, goizean goiz, Santurtziko kaleetatik eroango dabe Begoñako Amaren irudia, San Jorge eleizan egingo diran ospakizunetaraino. Ondoren, udaletxearen aurretik pasauta, portura eroango dabe. Ontzian sartuta, Bilboko Uribitarte moilaraino helduko da irudia, eta San Nikolas eleizan egingo deutsie ondoetorria eta aurreskua.
Ekitaldiak arratsaldeko 15:00ak bueltan amaituko dira, irudia Pausuen Museora heltzen danean. Halandabe, Javier Diago Begoñako Kofradiako presidenteak azaldu dauenez, eguraldiaren araberakoa izango da guztia, itsas-ibilaldietan ezinbestean kontuan hartu beharreko faktorea da eta.
Anaidiaren bosgarren mendeurrenaren barruan, erromesaldi bakartzat aurkeztu dabe aurtengoa. Hau da, orain arte ez da inoz egin, eta aurrerantzean be ez da barriro egingo. Baina Diagok zehaztu dauenez, aurtengoak erantzun ona badauka, ezin da baztertu asmo hori aldatzea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!