Gaueko autobusa ibiliko da Gernika-Lumoko jaietan
2019-08-07 13:12 Pil-pileanDoban erabili ahal izango da zerbitzu barria.
Asteburuan hasiko dira Gernikako Andra Mari eta San Roke jaiak. Herritarren erosotasuna eta segurtasuna hobetzeko asmoz, uri barruko autobus zerbitzua martxan ipiniko dau Udalak gauez, doban. Gaueko 22:00etatik goizaldeko 06:00ak arte ibiliko da Bidebusaren zerbitzu berezi hori, ordubeteko maiztasunagaz.
Gernika-Lumoko jaigune eta auzo esanguratsuenetatik pasauko da autobusa. Geldialdi finkoak izango dituan arren, erdibideko beste leku batzuetan bajatzeko aukerea egongo da, gidariari eskatu ezkero. Batez be, emakumeei zuzendutako nerria da azken hori, euren etxeko ataritik hur bajatu eta erasoren bat jasateko arriskua txikitzeko.
Irati Martinez Agirrezabalak, Bardintasun eta Parte-hartze zinegotziak, eskaripeko geldialdi horreen alde egin dau: genero ikuspegitik landu behar dira politika publikoak, uste dot abian jarri dogun zerbitzu honegaz segurtasuna irabaziko dogula. Beste uri batzuetako gaueko garraio publikoan be antzera egiten hasi dira, esate baterako, Bilbon.
Gaueko Bidebus berezia honeetan egunetan ibiliko da: abuztuaren 10, 14, 15, 16, 17 eta 18an. Ordutegi zehatzak eta ibilbidea internet bidez zabalduko dabela azaldu dau Udalak.
Beste alde batetik, Andra Mari eta San Roke jaietan eraso sexista, sexual, homofobo eta transfoboen ganeko informazio-gunea jarriko dau Udaleko Bardintasun Sailak, jai-eremuan bertan. Irati Martinez Agirrezabalaren esanetan, herritarrek jakin behar dabe zelako baliabideak dagozan eraso baten aurrean, norberak zein beste batek jasotakoa bada, edo diskriminazino sexistak dagozanean zer egin behar dan.
Informazino-gunea zabalik egongo da abuztuaren 15etik 17ra, gaueko 21:00etatik 00:00etara bitartean. Eraso sexista baten aurrean zer egin jakiteko aholkuak emongo deutsiez bai neskei bai mutilei.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!