Aiko Taldearen jantzaldiak Zaratamon eta Bilbon

Bizkaie! 2019-08-07 11:45   Kulturea

Eguenean tailerra antolatu dabe, zaratamoztarrak domekako erromeriarako prest egon daitezan.

Jantzapoteoa Bilboko Txakur kalean (argazkia: Aiko) | Ikusi handiago | Argazki originala

Jairik jai dabiz Bizkaiko herriak abuztuan, eta Aiko Taldeak geldialdi bi egingo ditu: Zaratamoko San Lorentzoetan eta Bilboko Aste Nagusian. Asteon berton dira Zaratamoko jaiak, eta egitarauko konbidau nagusien artean dago musikari eta jantza-maisuen taldea.

Ohiturazkoa da San Lorentzo jaietako erromeria Zaratamon. Domekan egingo dabe aurten, San Lorentzo eguna bera bezperan dan arren, abuztuaren 10ean. Elexaldeko plazan da hitzordua, arratsaldeko 19:30ean, Aiko Taldeak girotuta.

Horren aurretik, bihar, hilak 8, euskal jantzen inguruko tailerra antolatu dau Aikok berak, Elexaldeko eskola zaharretan, 18:00etan. Parte hartzea doban da. Aiko Taldekoen helburua garbia da: jantza tradizionalari jagokonez praktika faltan dagozan guztiak puntuan jartea da asmoa. Jantza munduan hasteko edo euren ezagutzak eguneratzeko gogoa daben zaratamoztarrei zein inguruko herrietako guztiei zabalik egongo da tailerra, Aikokoen arabera.

Bilboko Aste Nagusiaren kasuan, hitzordu bi egongo dira, abuztuaren 20an eta 23an. Lehenengoa jantzapoteoa izango da, 13:00etan Txakur kalean hasita. Bigarrena, jantzaldi erromeria, 20:00etan Plaza Biribilean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu