Lau eguneko egitaraua Bermeon, 1912ko Galernea gogoratzeko
2019-08-07 10:27 Pil-pileanItsas azokea, ontzien prozesinoa eta lora eskaintzea egingo ditue, besteak beste.
Astelehenean, abuztuak 12, 107 urte beteko dira euskal arrantzaleak bete-betean jo zituan zoritxarreko galernatik. Egun haretan, 143 itsasgizon hil ziran, gehienak Bermeokoak. Horregaitik, herriak urtero omentzen ditu 1912ko biktimak, Galerna Taldeak eta Udalak atondutako ekitaldien bidez.
Aurten, lau eguneko egitaraua antolatu dabe, hilaren 9tik 12ra. Olatu kaian Itsas Market dalakoa zabalduko dabe bariku arratsaldean, itsasoari lotutako azokea. Ekitaldi ugari egongo dira lau egunez: musikea, atun ronkeoa, Alkartasuna jantza taldearen emonaldia, berbaldiak... Txosnak zapatuan edegiko ditue.
Domekan, hilak 11, Itsas Marketen egongo da animazino gehiena. Izan be, Berton merkatari alkarteak tailerrak eta olgetak antolatu ditu umeentzat. Astelehenean egingo ditue ekitaldirik hunkigarrienak, urteurrenaren eguna dan ezkero. Lehenik eta behin, 1912ko jazoeren inguruko berbaldia eta Galerna, infernua itsasoan 1912-2012 dokumentalaren proiekzinoa egongo dira.
Iluntzean, Bermeoko itsasontziek urtengo dabe, isilean, Xixilira bidean. Lehorrean geratu diran herritarrek Baztarretik Portuzaharrerako bidea egingo dabe, Kankinkabara taldeko txistularien musikeak lagunduta. Han, kandelak banatuko ditue. Lora-eskaintzea 21:30ean izango da, eta, ondoren, Izaro abesbatzearen kontzertuak biribilduko dau gaua.
Jente guztia ekitaldiotan parte hartzera konbidau dau Bermeoko Udalak, gure arrantzaleak, gure historiaren momentu garrantzitsua eta itsasoagaz dogun loturea gogoratzeko. XX. mendeko lan istripurik larriena izan zan 1912ko Galernakoa, antolatzaileek gogoratu dabenez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!