Euskal artisten ordua Edinburgon
2019-08-07 08:29 KultureaGaurtik hilaren 18ra euskal sorkuntzeak leku nabarmena izango dau Eskoziako uriburuan.
Etxepare Euskal Institutuak bultzatutako #ScotlandGoesBasque programeari esker, 48 euskal sortzaile eta taldek Eskozian erakutsiko ditue euren sorkuntzak hurrengo asteetan. Edinburgo uriburuko hainbat jaialdi eta topaketatan parte hartzeko aukerea izango dabe hurrengo asteetan, baina, batez be, Fringe jaialdian eta nazinoarteko liburu azokan ikusi ahal izango dira euskal sortzaileen lanak.
Gaur, abuztuak 7, Fringe festibalaren txandea helduko da. Tio Teronen Semeak taldeak gaur bertan aurkeztuko dau FreshCool kaleko ikuskizuna. Bihar eta etzi, jantzea izango da protagonista, Krego Martin, Akira Yoshida eta HQPC proiektuen eskutik, baita Atlantik 1050 ikuskizun euskal-eskoziarrari esker be.
Hilaren 10etik aurrera, euskal literatureak hartuko dau Edinburgo, hango liburu azoka entzutetsuaren barruan. 18ra arte, bertoko idazle ugarik euren lanak aurkeztuko ditue Eskozian. Han izango dira Miren Agur Meabe, Iban Zaldua, Harkaitz Cano, Uxue Alberdi, Bernardo Atxaga eta Eider Rodriguez.
Ganera, Canok Wine and Words: A Taste of Basque Culture saio berezian hartuko dau parte, Danele Sarriugarte eta Joseba Etxegoienegaz batera. Uxue Alberdik, Danele Sarriugartek eta Eñaut Elorrietak bertsolaritzeagaz lotutako saioa egingo dabe.
#ScotlandGoesBasque egitasmoari esker, hainbat euskal sortzaile dabiz Eskozian euren lana erakusten. Hil honen 1ean, esate baterako, 2Theatre konpainia bilbotarrak Interbeing: Stories From a Current War antzezlana estreinau eban, eta 25era arte emonaldiak egingo ditu Edinburgon. Euskal sortzaile gehienak ikusteko aukerea, baina, gaurtik hilaren 18ra egongo da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!