Ertza eta Deabru Beltzak, Libourneko jaialdian
2019-08-06 12:21 KultureaKaleko arteen arloan Europako hitzordurik garrantzitsuenetako bat da.
Euskal Herriak ordezkari bi izango ditu Frantziako Libourne uriko Fest'Arts jaialdi entzutetsuan, Ertza eta Deabru Beltzak taldeak hain zuzen. Abuztuaren 8tik 10era egingo dabe kaleko arteen nazinoarteko jaialdi horren 28. edizinoa, eta hainbat herrialdetako antzerkia, jantzak, zirkua, musikea eta abar ikusi ahal izango dira.
Ertza jantza konpainiak Meeting Point aurkeztuko dau Libournen. Kale ikuskizun horrek gazte biren historia dakar. Herrialde berekoak diran arren, etxetik 8000 kilometrora ezagutzen dabe alkar. Bizitzeak hartzen dituan bideez eta beste persona bat ezagutzean datozan aldaketez egiten dau berba. Abuztuaren 8, 9 eta 10ean izango dira 15 minutuko emonaldiak, gaueko 21.30etan.
Deabru Beltzak konpainiak, bestetik, ohikoa dauen estiloa eroango dau Libournera: sua, piroteknia eta kolorea. Kasu honetan, ganera, musikea gehitu deutsie ikuskizunari. Symfeuny dalakoa Libourneko kaleetan antzeztuko dabe, perkusinoa lagun dabela, hilaren 9an eta 10ean. Hiru ordu lauren inguruko ikuskizuna da.
Etxepare Euskal Institutuak Libourneko Fest'Arts jaialdiagaz hitzarmena dauka 2012tik. Horri esker, urtero euskal konpainiaren bat izaten da kale arteen jaialdi garrantzitsu horretan. Euskal Herriko kaleko arte eszenikoak nazinoarteko publikoari zein banatzaileei hurreratzeko modua da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!