Algara konparsea, 25 urte Aste Nagusian
2019-08-06 08:42 Pil-pileanKaskagorrikoek, ostera, 30. urteurrena ospatuko dabe aurtengo jaietan.
Bilboko jai eredua, konparsetan oinarritua, 1970eko hamarkadearen amaieran agertu zan, eta, hortaz, dagoeneko konparsa beterano ugari dagoz. Algara eta Kaskagorri ez dira hasiera-hasieratik egon, baina dagoeneko 25 eta 30 urte betetera heldu dira, hurranez hurran.
Aste Nagusia euskeraz bizi ahal izateko sortu eben Algara konparsea, orain dala mende lauren, Zenbat Gara alkartearen babespean. Konparsakoen arabera, denpora honetan erreferentzia ukaezina bihurtu da Aste Nagusia euskeraz bizi nahi dabenentzat, eta bere programazino oparoak ekarpen handia egiten deutso jaiari, euskerearen erabilerea berbakaz eta ekintzakaz sustatuz.
Bederatzi egunez ospatuko dabe 25. urteurrena, Bilboko Aste Nagusia martxan dan bitartean. Egitarau bete-betea antolatu dabe konparsakideentzat zein hurreratzen diran guztientzat. Urteurreneko bazkaria egingo dabe lehenengo eguneko txupina baino lehen. Urbeltzen jantza ganbarea, euskera ikasleentzako jokoak, bertsolaritzea, trikitixea, antzerkia... egongo dira.
Ganera, jaietako barikuan, Anje Duhaldek kontzertu berezia eskainiko dau, Algararen 25 urteak ospatzeko. Konparsea martxan hasi zanetik laguntzaile izan dabe Duhalde, eta nor hoberik efemeridea ospatzeko bera baino.
Gauetako egitarauaren barruan, Algaran honako taldeek joko dabe, besteak beste: Akatz, Joseba Irazoki, Niña Coyote eta Chico Tornado, Lisabö, TOC, New York Ska Jazz Ensemble...
Beste alde batetik, Kaskagorri konparseak 30 urte bete dituala ospatuko dau aurtengo Aste Nagusian. Gazteen konparsea izan da betidanik Kaskagorri, beraz, hasierako belaunaldiek oraingo gazteei pasau deutsie lekukoa. Gazte izanik, gorri, errebelde eta more ez izatea kontraesan ia biologiko bat dalako, gero eta gehiago gara Asterixen irribarre bihurriaren kamiseta azpian batzen garenok, azaldu dabe.
Kaskagorriren urteurreneko bideoa hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!