Gargantua Arriagara eroango dabe Bilboko Konparsek
2019-08-05 08:49 Pil-pileanAste Nagusian 566 ekitaldi antolatu ditue.
Bilboko Konparsek 2019ko Aste Nagusiko egitaraua aurkeztu dabe, bilbotar eta bisitari guztiei euren neurriko jarduerak eskaintzeko asmoz. 28 konparsak hartuko dabe parte aurten jaietan. Umeak eta eskaintza kulturala dira egitarauaren ardatzak, baina bestelakoak be egongo dira abuztuaren 17tik 25era txosnetan, Arriagan eta erreka ertzean.
Karpatxo eta Mekanitxin pertsonaiek lagunduta, umeek egunero izango dabe ondo pasetako aukerea: goitibehera eta serigrafia-tailerrak, Irrien Lagunen antzezlana, erraldoi izateko Ondalanek eskainiko dauen aukerea, kartoi-banda eta umeen kalejirea, sortu zure txosna ekimena, txikien saio gastronomikoak...
Hori gitxi balitz, Gargantuak osteratxua egingo dau Arriagara, Konparsek aurreratu dabenez. Urteotan, Arriagara bisitea egin barik ibili da erraldoi ume-jalea. Baina aurten, Marijaiaren gonbidapen zuzena jaso dau Gargantuak, 165 urte beteko ditualako, azaldu dabe.
Ripako moilak izango dira Konparsen egitarauaren beste gune indartsu bat. Udalaren trabak salatu ditue, jai herrikoien kontra eta interes pribaduen alde, baina urteroko egitarauari eusteko moduan egongo dirala uste dabe. Uraren inguruko jarduerak izaten dira Ripakoak: tailerrak, puzgarriak, waterpoloa...
Arenalean lehiaketa gastronomiko ugari egongo dira konparsakide zein ganerako jaizaleen eskura, eta jateko guztia erreteko, kirola egiteko aukerea be emoten dau egitarauak. Urteroko Herri Krosa ez da faltauko, aurten hamaika modalidadetan banatua. Aerobithoia, mastapuntakoa, igel-tokak eta herri-kirolak be egongo dira.
Danetara, 566 jarduera atondu ditue Konparsek, bederatzi egunez Bilboko jaigunea kolore biziz jazteko. Laster, telefono adimendunetarako aplikazinoa martxan jarriko dabe, jenteak egitarau osoa patrikan eroan deian. Bestela, egitaraua hemen be ikusi leiteke.
Bide batez, Bilboko Konparsen Federazinoak dei egin dau Aste Nagusia eraso barik pasetera: Danok gagoz konbidauta disfrutetera, inor izorratu barik; gure jai herrikoi eta feminista honeetan lekurik ez daben bakarrak baboso eta erasotzaileak dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!