James Franco, barriro Zinemaldian
2019-08-02 13:28 ZinemeaArchambault, Nicloux, Torres Leiva, Weisse, Yerzhanov eta Zonana be Sail Ofizialean izango dira.
2017ko edizinoan Urrezko Maskorra irabazi eban James Franco zuzendari estadubatuarrak, The Disaster Artist lanari esker. Urte bi geroago, atzera egongo da Donostian, eta barriro Sail Ofizialean. Zinemaldiaren 67. edizino honetan, Zeroville lana aurkeztuko dau, hau be zinemagintzearen munduan girotutako filma.
Francorenagaz batera, Zinemaldian aurretik sekula lehiatu bako beste sei zinemagileren obrak sartu ditue Sail Ofizialean. Esate baterako, Louise Archambault quebectarrak Il pleuvait des oiseaux pelikulea erakutsiko dau Donostian, Jocelyne Saucier idazlearen nobela baten oinarritutako kontakizuna. Archambault Oscar Sarietako hautagai izanikoa da.
Guillaume Nicloux frantziarrak, ostera, Thalasso filma dakar Donostiara. Zuzendaria bera da aktore protagonistea, Gérard Depardieu ospetsuagaz batera. José Luis Torres Leiva txilearrak, bere aldetik, Cesare Pavese idazlearen olerki bateko esaldia aukeratu dau Donostiara dakarren filmaren izenbururako: Vendrá la muerte y tendrá tus ojos. Bizitzearen azken urteetan dagozan emakume biren arteko maitasuna kontetan dau.
Bestetik, Inna Weisse alemaniarraren bigarren film luzea da Dars Vorspiel. Ikasle bategaz obsesinoa daukan biolin-irakasle baten istorioa da. Adilkhan Yerzhakov kazakhstandarrak, aldiz, herritxu baten hil daben ume baten hilketea argitzeko prozesua kontetan dau A Dark-Dark Man pelikulan. Azkenik, David Zonana mexikarraren lehenengo film luzea be Zinemaldian egongo da, Mano de obra, laneko prekariedadea salatzen dauen obrea.
Honeek zazpi filmak Sail Ofizialean lehiatuko dira, orain dala egun batzuk iragarritako beste hirurakaz batera. Tartean, Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren La trinchera infinita dago.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!