‘La hija de un ladrón’, ‘La trinchera infinita’ eta ‘Mientras dure la guerra’, Urrezko Maskorraren lehian

Bizkaie! 2019-07-22 07:55   Zinemea

67. Donostia Zinemaldian ikusi ahal izango da La trinchera infinita.

'La trincher infinita' | Ikusi handiago | Argazki originala

67. Donostia Zinemaldian, irailaren 20tik 28ra, Belén Funes (Bartzelona, 1984) Urrezko Maskorra eskuratzeko lehian izango da bere lehen film luzeagaz, hau da, Greta Fernándezek, Eduard Fernándezek eta Àlex Monner-ek protagonizetabn daben La hija de un ladrón lanagaz. Funesek Marçal Cebriánekin atondu dau gidoia, Sara a la fuga (2015) film laburraren istorioa garatuz –Malagako zinema-jaialdian film labur onenaren eta zuzendari onenaren Zidarrezko Biznagak eskuratu zituen–.

Loreak (2014) eta Handia (Epaimahaiaren Sari Berezia 2017an, Euskal Zinemearen Irizar saria eta hamar Goya sariren irabazlea) filmen taldea Sail Ofizialean lehiatuko da barriro. Aitor Arregik (Oñati, Gipuzkoa, 1977), Jon Garañok (Donostia, 1974) eta Jose Mari Goenagak (Ordizia, Gipuzkoa, 1976) La trinchera infinita zuzendu dabe. Antonio de la Torre eta Belén Cuesta protagonistatzat dituan lanean, 1936ko garagarrilean Espainiako Gerra Zibila hasi ondoren, errepresalien bildur dan gizon bat etxean ezkutatuko da eta 33 urte pasau arte ez dau kalera barriro urtengo.

Alejandro Amenábarrek (Santiago, Txile, 1972), 2015ean Regression filmagaz Zinemaldia inaugurau ondoren edizino honetara ekarriko deuskun istorioa be 1936an dago kokatuta. Miguel Unamuno idazleari (Karra Elejalde) eta harek estadu-kolpe faxistearen aurrean azaldu eban jarrereari buruzko Mientras dure la guerra filmetan bueltau da Espainiara.

Daniel Sánchez Arévalok (Madril, 1970), bestalde, lehen aldiz hartuko dau parte Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean, eta Diecisiete lanagaz egingo dau. Lehiaketaz kanpo hautatutako filmak edade txikikoen zentro batean dagoan mutil baten (Biel Montoro) istorioa eta anaia nagusiagaz (Nacho Sánchez) dituan hartu-emonak jorratzen ditu.

Sail Ofizialeko emonaldi berezien atalean, Sebastián Borensztein-en (Buenos Aires, 1963) La odisea de los giles dago. Un cuento chino (2011) eta Capitán Kóblic (2016) filmen egileak Ricardo eta Chino Darín, interpreteak eta produktoreak, zuzenduko ditu barriro Argentinaren eta Espainiaren arteko lan honetan. Eduardo Sacheriren La noche de la Usina eleberrian oinarrituta dago –El secreto de sus ojos filmaren inspirazino iturri izan zan lana be idatzi eban–, eta Argentinan 2001. urtean izan zan corralito dalakoan kokatuta dago.

Zuzendarien lehen eta bigarren filmak batzen dituan New Directors sailean, emakume zuzendari biren opera primak izango dira ikusgai: batetik, Lucía Alemanyren (Traiguera, Valentzia, 1985) La inocencia, Tarragonako bere herrian udea pasetan dauen nerabe bati buruzkoa; eta, bestetik, Maider Fernandez Iriarteren (Donostia, 1988) Las letras de Jordi, Ikusmira Barriak egoitza-programan gauzatutako proiektua, 2017an postprodukzinoaren REC Grabaketa Estudioa saria jaso ebana, zuzendariak garuneko paralisia dauen 51 urteko gizon bategaz dauen lotureari buruzkoa.


Telesail bi, film labur bi eta film ertain bat

Zabaltegi-Tabakalera sailean, sei ataleko El fiscal, la presidenta y el espía telesailaren munduko estreinaldia izango da. Justin Webster-ek (Aldershot, Erresuma Batua, 1963) –Muerte en León (2016) eta El fin de ETA (Zinemira 2016) lanen zuzendaria– Nismanen kasuari buruzko ikerketea azalduko dau. Era berean, igaz 592 metroz goiti film laburragaz be hautatu eben Maddi Barber-en (Lakabe, Nafarroa, 1988) Urpean lurra film ertaina izango da ikusgai. Chema García Ibarra bueltauko da lehiaketara (Elx, Alacant, 1980) Ion de Sosarekin (Urnieta, Gipuzkoa, 1981) zuzendu dauen Leyenda dorada lanagaz. 2016an, aitamen berezia jasotako La disco resplandece filmagaz. Izibene Oñederrak (Azkoitia, Gipuzkoa, 1979) hirugarrenez hartuko dau parte, orain Lursaguak / Escenas de vida lanagaz. Hortzanak, For Your Own Safety (Hortzanak, por su propia seguridad, 2013) Zabaltegin eta Belodromoan emon eben Kalebegiak (2016) filmeko pieza bategaz hartu eban parte aurrekoetan. Leyenda dorada eta Lursaguak / Escenas de vida 2019ko Kimuak programaren uztakoak dira –Eusko Jaurlaritzako film laburren programea–.

Perlak sailean, Oliver Laxeren (Paris, 1982) O que arde / Fire Will Come ikusi ahal izango dogu, Canneseko zinema-jaialdiko Un Certain Regard sailetik pasau ondoren. Han Epaimahairen saria eta soinu-sorkuntza onenaren saria jaso zitaen espetxetik urten ondoren Galiziako landa-ingurura amagaz (Benedicta Sánchez) biziten itzuliko dan gizonaren (Amador Arias) istorioak.

Belodromoak Vida perfecta telesail osoaren estreinaldia jasoko dau, aurretik zenbait film labur eta Requisitos para una persona normal film luzea (Made in Spain, 2015) egin dituan Leticia Dolerak (Bartzelona, 1981) zuzendua. Lehen bi atalen emonaldiagaz, Vida perfecta / Perfect Life lanak telesail onenaren saria eskuratu eban Canneseries jaialdian. Era berean, interpretazino onenaren sari bereziak jaso zituen Dolerak berak, Aixa Villagránek eta Celia Freijeirok, estandar sozialen araberako bizitza perfektua lortu ezin leikien emakumeak interpreteteagaitik. Gainera, 3.000 ikuslerentzako lekua dauen aretoan, La gallina Turuleca animazinoko filma emongo dabe, Víctor Monigote zuzendariaren lehena eta Eduardo Gondell-en bigarrena.

Azkenik, RTVE galan, Adiós aurkeztuko dabe, Paco Cabezasen (Sevilla, 1976) Espainiako zinemarako itzulerea –Penny Dreadful eta American Gods telesailak zuzendu ditu AEBetan, besteak beste–. Adiós lanean, Mario Casas, Natalia de Molina, Ruth Díaz eta Carlos Bardemek interpretautako personaiak Sevillan ibiliko dira, narkotrafikoa eta polizia-ustelkeria nahasten dituan thrillerrean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu