San Justoko erromeria Otzerinmendin, egurra ardatz

Bizkaie! 2019-08-02 12:15   Kulturea

Abuztuaren 3an egingo dabe jaia Zeanuriko auzo horretan.

Bizimodu tradizionalari lotutako jaia antolatu dabe Zeanuriko Otzerinmendi auzoan zapatuan, San Justoren omenez, sasoi baten egiten ziran erromeriak berbiztuteko egiten dabizan lanaren erakusgarri. Orain dala hogei urte, karobia ketan jarri eben barriro, eta, aurten ohitura hori faltauko dan arren, beste batzuk berreskuratuko ditue.

Hain zuzen be, basogintzea izango da aurtengo San Justo eguneko ardatza, inguru haretan pisu handiko jarduerea izan zalako. Antxinako zerrategia martxan jarriko dabe, Gorbeialdean ohikoak izan ziran tresnak erabilteko: aizkorea, trontzea, txapazerrea, arpana... Zerrategi tradizionaletako oholakaz baserriak, trenbideetako trabiesak, ontzigintzako piezak eta abar egiten ziran.

Orain dala 70 urte ingurura arte, bizi-bizirik egon ziran basogintza eta zerrategi tradizionalak Arratian. Gaur egun desbardina da jarduera hori, baina oraindino be lantzen da egurra, esaterako, artelanak egiteko. Horreetako pieza artistiko batzuk erakutsiko ditue Otzerinmendin.

Urtero abuztuko lehenengo zapatuan egiten da Otzerinmendin jai hau, Justo eta Pastor santuen omenezko ermitearen alboan. Bihar, zapatua, 12:00etan hasiko dira ekitaldiak: mezea lehenengo, eta barauskarria ondoren. Ardao zuria eta gailetak emongo ditue barauskarrian, ohitureak agintzen dauen legez. 13:00etan hasiko dira zerrategiko erakustaldiak, eta 14:30etan herri bazkaria egongo da; ondoren, mus eta briska txapelketak.

Biharamunean, domekan, bola txapelketea egingo dabe Otzerinmendiko baseleizearen alboko landetan. Zeanuriko kofradietan zuztar sakonak dituan jokoa da. Otzerinmendiko lehiaketako lau bikoterik onenek datorren asteko San Lontzoko finala jokatzeko txartela eskuratuko dabe. 17:30ean hasiko da jokoa.

Argazkiak eta informazinoa: Jon Urutxurtu.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu