27. Euskal Encounterri 'oso nota altua' emon deutsie antolatzaileek
2019-07-29 10:25 Pil-pileanAtzo amaitu zan informatikazaleen topaketa jentetsua.
Urtero legez, milaka zale hartu ditu Barakaldoko BEC erakustazokeak, danak Euskal Encounter topaketearen 27. edizinoak eskainitako nobedade guztiez disfrutetako prest. Euskaltel enpresa antolatzaileak azaldu dauenez, edizinorik jentetsuenetako bat izan da aurtengoa, eta, ganera, alderdi teknikotik ederto joan da guztia. Oso nota altua jarri deutsie antolatzaileek.
Gitxi gorabehera, 5.000 ordenagailu egon dira martxan, danak batera, gau eta egun. 60 gigabiteko abiaduran ibili ahal izan dabe interneten erabiltzaile guztiek. Hortaz, munduko bizkorrenetako bat da euskal partya, Euskaltelen arabera. Parte-hartzaileek, konexino bikain horri esker, probetxua atera deutsie egonaldiari: interneten ibili, on-line jokoetan olgau, programa zein aplikazino barriak ezagutu eta deskargau...
Baina Euskal Encounter hori baino gehiago da. 1990eko hamarkadan sortu zanetik, teknologiaren aurrerapenik barrienak probetako eta zaleek alkar ezagutzeko gunea izateko helburua izan dau. Oraingoan, errealidade birtuala hurretik ezagutu ahal izan dabe erabiltzaileek: Opengunea izeneko eremuan, labatik harako bideo-jokoak, 3D inprimagailuak eta errealidade birtualeko makinak probau ditue. Ganera, berbaldiak, tailerrak eta txapelketak egon dira.
Opengunea dobakoa da, eta euskal partyan izena emonda ez dagozanak sartu ahal izan dira lehenengo hiru egunetan. 15.000 lagun joan dira. Hortaz, antolatzaileek uste dabe idea ona izan dala Opengunea indartzeko apustua.
Bestetik, antolatzaileek sormen digitaleko lanen kalidadea nabarmendu dabe, baita software libreko lehiaketako parte-hartze handia be. Zibersegurtasunean, sistemetan eta programazinoan adituak diran 187 taldek hartu dabe parte. LAN Partyak be arrakastea izan dau, 7.000 parte-hartzaileen arteko truke aberatsa egon dalako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!