Bilboko Aste Nagusiko Txikigunea handiagoa izango da aurten
2019-07-29 08:59 Pil-pileanFamilientzako 30 jarduera eta rock kontzertu bat hartuko ditu Casilda Iturrizar parkeak.
Umeen eta familien alkargune berezia izango da aurten be Casilda Iturriza parkea, Bilboko Udalak han jarriko dauelako Aste Nagusiko Txikigunea. Abuztuaren 18tik 25era, uriko jaiak martxan dagozala, egunero zabalduko dabe 0 eta 12 urte bitarteko neska-mutilentzako zein hareen familientzako gunea.
Eremu handiagoa hartuko dau aurten Txikiguneak, erabiltzaileak erosoago egon daitezan eta jarduerak antolatzeko leku zabalagoa egon daiten. Orain arte, Pergolearen inguruan jarri izan dabe Txikigunea, baina oraingoan, ahateen urmaelaren aldera be helduko da. Leku ezin hobea da, perfektua, familiak ingurune natural batean jai-giroan ibili daitezan, adierazo dau Itziar Urtasun jaietako zinegotziak.
Aurreko urteetan Gas plazan ume eta gaztetxuentzat antolatu izan diran ikuskizunak parkeko Pergolan egingo ditue aurtengo Aste Nagusian. Normalean, kaleko antzerkia eta arteak izaten dira horreek. Arratsaldero 19:30etan hasiko dira ikuskizunok.
Horrezaz gan, 30 bat jarduera egongo dira Txikigunean, lau ataletan banatuta: Maitezitu izenekoan, bost urtera arteko umeak hartuko ditue, maitasuna eta heziketea buztartuta. 2 eta 12 urte bitartekoentzat, Pozaktibatu gunea ipiniko dabe, uretako jarduera eta guzti. Gargantua be bertan egongo da.
Bilziklatu izenekoan (4-12 urte), ingurumena jagotearen aldeko mezua zabalduko dabe, jarduera dibertigarrien bidez. Azkenik, Elkaraniztu (5-12 urte) alkartasuna eta aniztasuna buztartzeko gunea izango da. Hor egongo dira ule-apaindegia eta arpegia makilletako tailerra neska-mutilentzat, mozorroak, Txikiguneko irratia, atseden-lekua eta Marijaia Txikiren erakustokia.
Rockin Bizi Family Sessions kontzertua izango da beste nobedade bat. Umeek eta euren gurasoek alkarregaz entzuteko emonaldia izango da: aita-amek gustoko abestiak entzun ahal izango ditue, eta umeek horreek doinuak ikasiko ditue. Kontzertua abuztuaren 22an izango da, 17:30etan, Pergolako agertokian.
Txikiguneak erakarten dauen jente piloa aintzat hartuta (igaz 140.000 neska-mutil), txu-txu trena egongo da martxan egunero, umeak eta familiak Bilbo erdigunetik parkera eroateko. Dobako zerbitzua izateaz gan, trena irisgarria eta umeen karroak eroateko aproposa dala gogoratu dau Udalak.
Bestetik, segurtasuna eta lasaitasuna bermatzeko, 10.000 eskumutur jarriko ditue familien eskura. Eskumuturrak dobakoak izango dira eta umeen identifikazinoa erraztuko dabe, hau da, umeren bat galdu ezkero, arduradunak nortzuk diran jakiten eta horreek topetan lagunduko dabe. Eskumuturrekoak Txikiguneko informazino-postuan banatuko ditue, doban.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!