Zazpi piroteknia Bilbo Su Artifizialen Nazinoarteko XXIX. Lehiaketan

Bizkaie! 2019-07-22 12:36   Kulturea

Pirotekniak Erresuma Batutik, Frantziatik, Portugaletik, Madriletik, Valentziatik, Zaragozatik eta Ourensetik etorriko dira.

Aste Nagusiko su artifizialek gauero etorriko dira Bizkaiko uriburua argitzera. Mundu osoan izen handiko zazpi piroteknia lehiatuko dira Bilbo Uria Su Artifizialen Nazinoarteko Lehiaketearen XXIX. edizinoan.

Hainbat lekutatik etorriko dira (Erresuma Batua, Frantzia, Portugal, Madril, Valentzia, Zaragoza eta Ourense) eta gauero lehiatuko dira abuztuaren 17tik 23ra, gaueko 22:30ean, nazinoarteko lehiaketeak emoten dituan sari handi biak lortzeko, Ikusleen Saria eta Epaimahaiaren Saria.

Batez beste 100.000 ikusle baino gehiago egoten dira gauero eta horrek esan nahi dau Bilboko Aste Nagusiko ospakizunetatik ondoen baloretan danetako bat dala. Itsasadarreko ezkerreko bazterra gomendatzen da, Nafarroa kaletik Uribitarte pasealekura, hori baita gauetan piztuko diran ikuskizunak ondoen ikusteko gunea.

Ondokoak dira Bilbo Uria Su Artifizialen Nazinoarteko Lehiaketearen XXIX. edizinoan izango diran zazpi pirotekniak:

Abuztuaren 17an, zapatuan: VULCANO PIROTEKNIA (Madril).
Abuztuaren 18an, domekan: BREZAC ARTIFICES (Frantzia).
Abuztuaren 19an, astelehenean: CABALLER FX (Valentzia).
Abuztuaren 20an, martitzenean: FULLY FUSED FIREWORKS (Erresuma Batua).
Abuztuaren 21ean, eguaztenran: PIROTECNIA ZARAGOZANA (Zaragoza).
Abuztuaren 22an, eguenean: MACEDOS PIROTEKNIA (Portugal).
Abuztuaren 23an, barikuan: XARAIVA PIROTEKNIA (Ourense).

Gainera, ASTONDOA PIROTEKNIAK (Bizkaia) erakusketako ikuskizuna emongo dau abuztuaren 24an, zapatuan.


Ikusleen Saria

Bilboko Udala, herritarren parte hartze bidezko sistemea sustatzeko helburuari eutsiz, Bilbo Uria Su Artifizialen Lehiaketako XXIX. edizinoan parte hartzeko aukerea emoten deutse herritarrei, ikuskizunik gogoenari botoa emonez. Holan, bada, herritarrek euren botoa bialdu ahal izango dabe ondoko formularen baterabilita: ‘Bilbao Aste Nagusia 2019’ mobikorrerako aplikazinoaren bidez, -AppStoren eta Google Playn behera kargau daiteke- edo abuztuaren 17tik 23ra El Correo egunkarian argitaratuko diran parte-hartze kupoien bitartez. Parte hartzen dabenek lehiaketaren babesleek emondako sariak irabazteko aukerea izango dabe.


Epaimahaiaren Saria

Lehiaketako epaimahaiak Aste Nagusiaren azken egunean, abuztuaren 25ean, jakinarazoko dau nor dan irabazlea. Epaimahaiko presidentea Itziar Urtasun Jaietako zinegotzia izango da; idazkaria Alberto Ruiz de Azua Jaien Saileko zuzendaria; Euskalteleko kide bat, Bilbo Konparsetako kide bi, Zazpi Kaleetako Dendarien Alkarteko kide bat, Corte Ingléseko bat eta El Correo egunkariko bat. Gainera, aholkulari-lanetan ibiliko dira Astondoa Pirotekniako Izaskun Astondoa, PenDragon Fireworks & Pyrotechnichs-eko Jon Mellen nazinoarteko aditua eta Joseba Rosales, Aste Nagusiko programazinoaren koordinatzailea.

Erabagia hartzeko epaimahaiak zenbait elementu izango ditu kontuan: Aire-espazioaren okupazinoa; purutasuna, intensidadea, distirea eta koloreen iraunkortasuna; aniztasun kromatikoa, argitasuna, dimensinoak, diseinu eta formen perfekzinoa, dotoretasuna, efektuen aniztasuna, sonoridadea, inguruagazko konjuntzinoa, originaltasuna, erritmoa eta onarpena jentearen partetik.


Ikuskizunetan seguridadea bermatzeko dispositiboa

Su artifizialak Bilboko Aste Nagusian jenterik gehien batzen dauen ikuskizunetako bat da, gauero 100.000 persona baino gehiago hurreratzen baitira, batez beste. Hori dala-eta, persona guztien seguridadea bermatzeko, Bilboko Udalak segurtasun protokoloa jarriko dau indarrean.

Laugarren urtez, 989/2015 Errege Dekretuaren arabera (pirotekniako eta kartutxogintzako artikuluen araudia), haizearen abiadurea orduko 36 kilometro baino handiagoa danean, suak bertan behera itxi behar dira, ezin dira jaurti. Horretarako, Udalak dispositibo berezia dauka herritarrei abisetako suak bertan behera gelditu dirala, beharrezkoa bada.

Udalak beharrezko koordinazinoa aurreikusi dau segurtasunik handiena bermatzeko eta edozein aldaketa edo larrialdi-egoera ahalik eta arinen jakinarazoteko, ondokoen laguntzinoagaz: Bilboko Udalaren Babes Zibileko, Jaietako eta Komunikazinoko langileak, Bilboko Konparsak Arenalean, Gogorregi Konparsea Pio Baroja eta Uribitarteko gunean, Berastegi kaleko txosnak, barraketako salerosleak eta Zirkua Etxebarria parkean, eta MetroBilbao, Bilbobus, Bizkaibus, Euskotren, Euskotran eta Renfe.

Suak bertan behera gelditu dirala abisatu behar izan ezkero, ikuskizuna hasteko orduan holan abisauko litzateke:

Zeruan argi-seinaleak egingo litzatekez surik ez dala jaurtiko ohartarazoteko.
Jai-guneetako megafoniatik mezu bat irakurriko litzateke suak bertan behera itxi dirala esanez.
MetroBilbao, Euskotren, Euskotran, Bilbobus, Bizkaibus eta Renfe garraioetako megafoniatik eta informazino-panelen bidez be abisauko litzateke.
Udalaren sare sozialetan be jarriko litzateke oharra.


Suak ikusteko lekurik onenak

Bilboko Udalak itsasadarreko ezkerreko bazterra gomendatzen dau, Nafarroa kaletik Uribitarte pasealekura, hori baita gauetan piztuko diren ikuskizunak ondoen ikusteko gunea.

Ondoren, Arriaga Plaza, Areatzako gune batzuk, Ernesto Erkoreka plaza, Campo Volantin pasealekua, Etxebarria parkea eta Uribitarteko pasealekua, Zubizuritik Guggenheim-era, daude.

Ez dira gomendagarriak Arenaleko zubia, Udaletxeko zubia eta Zubizuri; gainera, hortik ez dira ondo ikusten lurreko eta altuera txikia hartzen daben suak.

Udaletxeko zubian, Zubizurin eta Arenaleko zubian -Erripa kalearen eta Arenaleko kaiaren artean- jente asko pilatzen da eta beraz, kontu handiz ibili behar dabe umeakaz doazenek edo mobiduteko zailtasunak dituenek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu