Bilbon, San Mameseko Udal Kiroldegi barria inaugurau dabe
2019-07-22 08:39 Pil-pileanInstalazinoek 4.838 metro koadro ditue.
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak San Mameseko udal kiroldegi barria inaugurau dau eta ostean ateak zabaldu dira jentearentzat, Bilbao Kirolakeko abonatuak eta sarrerea erosten dauen edonor kiroldegi barrian sartu ahalko dira.
Instalazinoetan zehar ibili ondoren, Aburtok esan dau azpiegitura barri hau edegiteko gogo handia ebela inguruko bizilagunek, eta bilbotarrek oro har. Kiroldegi honek ekipamenduak hobetu eta uriko kirol eskaintzea barriztatzen dau. San Mameseko kiroldegiak oso ezaugarri bereziak ditu, dagoan lekuagaitik –San Mameseko zelaia– eta punta-puntako sistema eta makinak dtitualako. Udalaren helburua da herritarrei kalidadezko espazioak eskaintzea, kirola egin ahal deien eta bizi-ohitura osasuntsuak izan deiezan, persona guztien ongizaterako eta osasunerako izugarri garrantzitsuak baitira.
Bilboko Udalak 6 miloe euro inbertidu ditu instalazio barriok eregi eta ekipamendua erosteko.
San Mameseko kiroldegia Athletic Cluben futbol-zelaiko beheko pisuetan dago. Oinezkoen sarbidea independentea da eta erabateko irisgarritasuna dauka, futbol-zelaiko 19. atean dago.
-2 pisuan ur-eremua dago, 50 metroko umeentzako ugerlekuagaz eta wellness eremuagaz (spa, bainu turkiarra eta sauna). Ugerlekuetako eta wellness zonako erabiltea eta sartzea doban dira Bilbao Kirolakeko abonatuentzat eta instalazinoetan sarrera edo bono bat erosiz sartzen diranentzat.
Gainera, pisu berean, funtzino askotako areto bi dagoz: PRAMA eta Fitkross aretoak. Bietan metodologia moderno eta aitzindariak dagoz, errendimendu handiko kirola egiteko modu barriei egokituak.
-1 pisuan, Fitness aretoa dago, hau da, hiru geletako handiena, punta-puntako makinakaz.
Ate edegiak
Garagarrilaren 31ra arte, astelehenetik barikura, eta iraileko bigarren astean -irailaren 9tik 13ra- Bilbao Kirolakeko abonatuek eta sarrera edo bono bat erosten dabenek doban parte hartu ahalko dute programautako klaseetan. Ate edegien formatu honen helburua da instalazinoen barri emon eta jenteak eskaintzen diran kirolak probetea.
Parte hartzeko, kiroldegietako salmenta-makinetan edo Bilbao Kirolaken webgunean izena emon behar da. Bai makinotan, bai Bilbao Kirolaken webgunean, jardueren egitaraua eta ordutegiak bilatu daitekez.
Tailerrak eta dinamizazinoak
Abuztutik hasita eta denporaldi barria hasi arte (urrian), iraileko bigarren astea kenduta, pistako ikastaroak tailerreko edo dinamizazinoetako formatuan izango dira. Tailerren prezioa 2,5 euro izango da saio bakotxeko. Abonatuak ez diran personek kiroldegiko sarrera eta tailerraren prezioa ordaindu beharko ditue.
Tailer bakotxean izena emoteko, kiroldegietako makinak erabil daitekez.
2019-2020 denporaldiaren hasieran, urrian, San Mameseko kiroldegiak ikastaroak eskainiko ditu. Izena emoteko modua hilero edo denporaldi osorako izango da, Bilbao Kirolakeko gainerako kiroldegietan legez. Urrian hasiko diran ikastaroetan aurreinskripzinoa egiteko epea irailaren 6an hasiko da. Eskaintza osoa hemen: www.bilbaokirolak.eus.
Ordutegiak
Garagarrilean eta abuztuan, San Mameseko kiroldegiko ordutegia 8:30etik 21:00etara izango da astelehenetik barikura; zapatuetan 9:00etatik 21:00etara, domeketan eta jaiegunetan, barriz, 9:00etatik 19:00etara. Irailetik aurrera, ordutegia 07:15etik 22:00etara izango da astelehenetik barikura, 09:00etatik 22:00etara zapatuetan, eta 09:00etatik 19:00etara domeka eta jaiegunetan.
Segurtasun-arrazoiakaitik, kiroldegia zarratu egingo da San Mamesen partidua dagoanean edo bertan bestelako ekitaldiak egiten diranean.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!