Streaminga eta zibersegurtasuna, 27. Euskal Encounter-en protagonista

Bizkaie! 2019-07-22 08:49   Kulturea

Euskal partya Stream IT lemapean egingo da garagarrilaren 25etik 29ra.

Aurten Euskal Encounter-ek protagonismoa emongo deutso ikus-entzunezko edukien konsumoa goitik behera aldatzen dagoan streamingari. Hilaren 25etik 28ra Barakaldoko BEC-en egingo dan topaketeak gai ugari jorratu eta eskainiko dituan prestakuntza saioetan, streamingari buruzko edukiek leku garrantzitsua izango dabe aurten, izan be, gero eta gehiago hazten doan erreminta honen bitartez, Internetetik zuzenean bialdu daitekez ikus-entzunezko edukiak eta honek negozio aukera handiak sortzen ditu. Era berean, zibersegurtasuna be jorratuko da, eta teknologia barrien arriskuei aurre egiteko eta erabilera egokia bermatzeko berbaldiak eta tailerrak emongo dira Opengunen.

Aurtengo lemeak, Stream IT, garbi ixten dau antolatzaileen helburu nagusietako bat: streaming bidezko transmisinoek sortzen dituen aukera barrietan sakontzeko nahia, izan be, bideo-jokoen partiden eta eSportsen txapelketen zabalpenean liderra dan Twitch plataformeak 15 miloe ikusle ditu egunero, 2017ko datuen arabera, eta kopuru hori hazten doa etenbarik, orain urte batzuk pentsauezinak ziran negozio aukerak sortuz. 2017an, plataforma honek 27.000 streamer zituan bazkide (bideo-joko batera olgau edo joko bat jorratzen eta zuzenean bialtzen daben personak) eta 150.000 streamer afiliatu, plataforma honetan dirua irabazten daben lagunen kopurua % 223 igotea ahalbidetu dauen merkatu-nitxo barria.

Komunikazino bide honi esker, internautek Twitch bidez jarraitu ahalko dabe partya, baita edizino honetako proposamen erakargarrienez gozetako aukerea be. Proposamen horreen artean egongo da Euskal Encounterretik bialduko dan eta bideo-jokoen gaurkotasuna aztertuko dauen GameguneTV programearen edizino barria, baita Omnis Clubak antolatutako eta Estaduko streamer onenak publikoaren botazino bidez sarituko dituan Omniscon sari-banaketea be. Gainera, Euskal Encounterrek Podcast Gune izeneko eremu barria izango dau aurten, irratsaioak zuzenean grabau eta ondoren streaming bidez entzun ahal izateko Euskadigital plataformearen bitartez.

Zibersegurtasunari jagokonez, dobako tailerren eta berbaldien bitartez jorratuko da gai hori: Spri Enpresa Digitalak, Zibersegurtasun Euskal Zentroaren (BCSC) eskutik, teknologia barrien erabilera egokia bermatzeko jarraibideak eskainiko ditu, eta Opengunen izango diran berbaldiek arriskuei zelan egin aurre azalduko dabe.


Inoiz baino eskaintza zabalagoa Opengunen

Eguenetik zapatura publikoari edegia egongo dan espazioa, Opengunek, inoiz baino jarduera erakargarri gehiago eskainiko ditu. Prestakuntza tailerrez eta berbaldiez gan, bertaratzen diran bisitariek errealidade birtualean sartzeko aukerea izango dabe, baita robotikeagaz, bideo-jokoakaz eta 3D-inprimagailuakaz esperimentau eta olgetako aukerea be. Marka ospetsuek euren nobedadeak aurkeztuko ditue, Nintendo, Razer edo Thermaltake, besteak beste.

Opengunek gonbidatu ospetsu barria izango dau aurten: Nate Gentile, Estaduko modding (ordenagailuak personalizau) aditu handiena eta 454.000 jarraitzaile dituan youtuberra. 42 miloe aldiz ikusi dira Nate Gentileren bideoak Youtuben. Gentilek zuzeneko saioa egingo dau hardware gunetik eta nitrogeno likidoagaz ordenagailua zelan hotzitu azalduko dau tailer batean, beste sorpresa batzuen artean.

Euskaltel Konekta Fundazinoak antolatzen dau Euskal Encounter, Eusko Jaurlaritzearen babesagaz, SPRIren bitartez. Gainera, Euskaltelen teknologiari esker, topaketeak segundoko 60 gigabiteko Interneterako konekzinoa eskainiko dau. Abiadura horrek munduko ekimen azkarrenen artean kokatzen dau Euskal Encounter.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu