Konparsakide Eguna aurkeztu dabe

Bizkaie! 2019-07-17 13:23   Pil-pilean

Konparsakide Eguna zapatuan ospatuko dabe, hilaren 20an.

Aste Nagusirako gitxi falta dala iragarten dau urtero konparsen arteko jaiak. Garagarrilaren 20an izango da, zapatuan, Bilboko Arenalean eta, gaurko agerraldian, bertan izango diran ekitaldiak iragarri ditue Bilboko Konparsek, Udalak konparsenak ez diran txosna batzuk Plaza Biribiletik Ripako kaira eroateko dauen asmoa salatzeko erabili dabe gaurko agerraldia.

Aspaldi hasiak dira Aste Nagusirako prestaketa-lanakaz Bilboko Konparsen federazinoa osotzen daben 28 konparsak, baina, urtero legez, atzerako kontaketeari hasiera ofiziosoa emoten deutson Konparsakide Eguna ospatuko dabe zapatuan, hilaren 20an. Egun seinalatua da Konparsakide Eguna konparsen artean, konparsakide izatea ospatzen dogu alkarregaz eta datozen asteotan jatorkun erronkeari gogotsu ekiteko indarra hartzeko hitzordu motibagarria da, adierazo dau Bilboko Konparsen bozeroaile lana egin daben Itziar Martínez Rodríguezek eta Iñigo Fernandez de Martikorena Rodriguezek.

Konparsakide eguna konparsakideak batu eta ospatzeko eguna da, baina konparsek bilbotar guztiontzako hainbat ekimen atondu ditue, konparsen eretxiz hori baitago Bilboko Konparson muinean, gustu guztientzako jai herrikoi eta parte-hartzaileak eregitea. Egunean bertan hurreratzen diranek gozau ahalko dituenak, besteak beste, hurrengoak izango dira: txikientzako olgetak, inklusibidade-tailerra, ardaoa probetea, berbenea Lehian taldearen eskutik eta Orkestra elektrotxareagaz kalejirea. Eta zelan ez, ohiturea dan bertoko eta sasoiko piper eta tomate-banaketea. Zeregin horretan Hazi Fundazinoaren eta Eusko Labelen laguntzinoa eskertu dabe konparsetako ordezkariek. Egitarau osoa Bilboko Konparsen www.bilbokokonpartsak.eus webgunean konsultau daiteke.

Bestalde, gaurko agerraldian konparsek oraintsu jakin daben Bilboko Udalaren azpijan kezkagarria salatu dabe gaurko agerraldian, Udalak konparsetakoak ez diran zenbait txosna Ripako kaira ekartea erabagi dauela jakin dabelako oraintsu. Bilboko Konparsen Federazinoan, danetariko jatorri, interes-arlo eta helburuak dituen taldeak batzen dirala gogoratu dabe baina alkarregaz lan egiteko prest egotea eta lan hori egitea eskatzen deutsagu alkarri, urte osoan, Aste Nagusia eta beste hainbat hitzordu antolatzen, ahalegin eta dedikazino handiagaz. Lan boluntarioa eta dobakotasuna dira Bilboko Konparsok jaietan egiten dogun lanaren ezaugarri eta helburuak, azpimarratu dabe bozeroaileek.

Ripako kaia Aste Nagusiko jai gunearen parte dala gogorarazo dabe konparsek, eta bertan hainbat ekitaldi antolatzen dituela, bai konparsok, baita Jai Batzorde Mistoak bere osotasunean, eta bestelako eragileek be. Jaiaren prestaketea Batzorde Mistoak egiten dauela gogoratu dabe konparsek. Batzorde horretan Udalbatzaren ordezkariak eta Bilboko Konparsen Federazinokoek parte hartzen dabe eta bertan eztabaidatu eta hartzen dira Aste Nagusiari buruzko erabagiak.

Orain, Arenalean zabaldu barri dan lujozko hotel bati mesede egiteko atxakiagaz, Arenaleko berbenea Plaza Biribilera eroan eta bertan egoten diran txosnak Ripan jartea erabaki dau Udalak, Jai Batzorde Mistoari aurrez ezer jakinarazo barik eta erabagi horretan ezelako eretxi eta adostasun barik, konparsek salatu dabenez. Bilboko Konparsak ez dagoz ados erabagi horregaz: Alde batetik ez dogu onartzen negozio pribatuek jai eremuaren antolaketea baldintzatzea. Bestetik, jai eremua parte hartzeko gunea da eta beraz, Aste Nagusia dobakotasunetik eta parte-hartzetik antolatzen daben eragileek kudeatu behar dabe, esan
dabe.

Konparsen esanetan, Udalak txosna horreek mobiduta, emon gura dauen irudia da ez dagoala desbardintasunik alde batean egongo diran txosnen eta beste aldean egongo diranen artean. Bilboko Konparsen ekarpena holan gitxiestea jai ereduari eraso egitea da, salatu dabe.

Konparsek jai-eremua jagoteko prebentzino bidez urteetan egin eta egiten dan esfortzua nabarmendu eta horren emoitzea izaten da bertako giro lasai eta alaia. Aldaketa barri horreen ondorioz sor daitekeen giroari jagokonean, ezelako aurre-lanketarik barik erabagi hori hartzeak ekarri leikezan arriskuez kezkatuta dagozala esan dabe.

Amaitzeko, konparsek, aniztasunetik bilbotar guztiei edegita dagozala berretsi dabe: Danok parte hartzeko bidea eskaintzen dabe 28 konparsek, eta Udalaren erasoen eta gure lana ikusezin egiteko esfortzuen aurrean Konparsok programazino eta presentzia gehiagogaz erantzungo dogu, jaiak herritik sortuak eta herriarenak baitira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu