Fatxada Proiektuan, Leire Urbeltz protagonista irailaren 16ra arte
2019-07-16 09:27 KultureaLas Partes de La Malinche.
Leire Urbeltzen obrea izango da Bilboko Azkuna Zentroko Arrikibar plazako fatxadan udako hileetan. Borderland argitalpenetik ateratako erretratu hirukotxa dakar Urbeltzek. Lanak BBVA Fundazinoaren onespena jaso dau, 2017ko Ikerkuntza eta Sorkuntza Kulturalerako Leonardo beken bidez. Proiektua eratzen daben ilustrazinoen artean, emakume ospetsu bati buruzko kontrako eretxiak islatzen dituan erretratu bat dago: Malintxe da emakume hori.
Asko idatzi da garai kolonialean Hernan Cortési esklabotzat saldu eutsien eta lehen mestizoaren ama historikoa izango zan emakume horri buruz. Urbeltzek Marisa Belausteguigoitia irakasle feministearen Las nuevas Malinches: Mujeres fronterizas artikulua hartu dau oinarri, eta erretratu bat proponiduten dau, Zentroaren fatxadan jarriko diran hiru olanetan zatitua. Alde batetik, Malintxe herri-saltzaile traidore legez agertzen da, konkistan Cortésen interpretatzaile, aholkulari eta bitartekari izandakoa. Mexikon, malintxista adjektibo gitxiesgarria bizkarreratzen jako atzerrikoari lehentasuna emon eta lurrekoa baztertzen dauen personeari. Bestetik, Malintxe biktima bezela agertzen da: herriaren saltzaile azaldu ordez, saldua izan eta bizirik atera zan persona modura. Pentsalari feminista batzuek, besteak beste, Gloria Anzaldúak, arketipo askatzaile hori bereganatu dabe, emakume txikanoaren papela barriro aztertzeko: kikildu modura ikusi ordez, AEBetako lurraren birkonkistearen aldeko agente lez hartzea. Azkenik, Malintxe arraza barri bateko ama mestizo bezela irudikatzen da, mestizoa argitara emon ondoren, itxuraz historiatik desagertu dan emakumea
Leire Urbeltzek ilustrazino zabaldua deitutakoaren mugak ikertzen ditu lanean. Bere lanik personaletan, instalazinoko material lez jorratzen dau ilustrazinoa, eta zabaldu egiten da, bai maila formalean eta bai kontzeptualean, sorkuntza garaikidearen konplexutasuna ebitetan daben formula murriztaileak ezabatzeko. Holan, bada, Urbeltzen lana lekualdatzen dago etenbarik, ez baita dituan posibilidadeetan egonkortzen. Horren ordez, arte (arte ez danaren, diseinu, diseinu ez danaren, ilustrazino, ilustrazino ez danaren eta instalazino, instalazino ez danaren artean sortzen diran hartu-emonak ikertzen ditu.
Azken buruan, Susana Blascoren (irailaren 16tik zemendiaren 15era) eta Ane Pikazaren (zemendiaren 15etik urtarrilaren 15era) lanak etorriko dira Azkuna Zentroaren fatxadara.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!