Mariano Ferrer kazetaria hil da

Bizkaie! 2019-07-15 08:17   Pil-pilean

Euskaraldian be zeresana izan eban, ahalegin bizian ibili zalako euskerea ikasten.

Mariano Ferrer. Arazkia: Eusko Ikaskuntza | Ikusi handiago | Argazki originala

Mariano Ferrer euskal kazetari ezaguna hil da  79 urte zituala, Egin egunkariaren sortzaileetako bat eta lehenengo zuzendaria izan zan, eta Euskal Herriko hedabide ugaritan lan egin eban. Donostian jaioa, seminarioan ikasi eta Jesusen Konpainian sartu zan. Madrilen Filosofia eta Letrak, eta Kazetaritza ikasketak egin zituan 1965ean. Teologia ikasten ibili zan AEBetan, Chicagon. 1985ean, Zuzenbidea egin eban Euskal Herriko Unibersidadean.

Donostiara itzulita, Radio Popular de San Sebastian - Herri Irratian zuzendariorde izan zan 1971etik 1977ra. Frankismo sasoian, adierazpen-askatasunaren eredu bihurtu zan Ferrer, egunkarietako barrien gainean egindako irakurketa kritikoei esker.

Egin kazetaren sortzaileetako bat izan zan 1977an, eta lehenengo zuzendaria. Ordutik, beste hainbat komunikabideetan parte hartu eban, besteak, beste, El Mundo egunkarian (1990ko hamarkadearen amaieratik 2000ko hasierara). 2004an erretiroa hartu arren, kazetaritza munduari lotuta jarraitu eban, irratian, prentsan, baita telebistan be.

2017an, Euskal Kazetaria saria jaso eban.

Politika arloari jagokonez, bakearen eta eztabaidearen aldeko Elkarri gizarte-mobimentuan parte hartu eban, baita 18/98+Plataforman be.

Euskaraldian be zeresana izan eban, ibilbide osoa gaztelaniaz egin arren, aparteko ahaleginetan ibili zalako euskerea ikasteko.

Hainbat liburu idatzi zituan, berbarako, Derechos, libertades y razón de Estado eta Mariano Ferrer, lo que dije y digo.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu