2019ko Aste Nagusian arte eszenikoetako 18 lan izango dira ikusgai

Bizkaie! 2019-07-12 08:15   Kulturea

2018ko jaietan 45.000 ikusletik gora batu ziran.



Antzerkiak eta arte eszenikoek uriko kaleak hartuko ditue barriro 2019ko Aste Nagusian. Bilboko Udalak 18 ikuskizun atondu ditu, horreetatik lau estreinaldiak izango dira EAEn eta bat Estaduan. Holan adierazo dau gaur goizean Itziar Urtasun Udaleko Jaietako zinegotziak. Esan dauenez, aurtengo egitaraua Bilboko Aste Nagusiko gauzarik dibertigarrienetako bat izango da. Espero dau barriro be jentearen babesa jasotea. Herritarren ustez, kaleko antzerkia eta kaleko arte eszenikoak Aste Nagusiko jarduerarik onenetakoak dira.

Aurte, kaleko antzerkia lekuz aldatuko da. Gas plazan egingo dira emonaldi orokorrak, orain arte Arriaga antzokiko plazan egiten ziranak. Bestalde, Txikigunean (Kasilda Iturrizar parkeko pergolan) familientzako saioak egingo dira (lehen Gas plazan egiten ziran).

Aste Nagusiko kaleko arte eszenikoen egitarauan kalidade handiko ikuskizunak eskainiko dira, doban. Ikuskizun horreetan, musikea, magia, akrobaziak, clownak eta umorea batzen dira, edade guztietarako, bai goizeko saioetan, bai arratsaldez. Nazinoartean entzute handiko emonaldiak ekarriko ditue, baita euskal konpainia eta euskerazko lan piloa be. Ikusleak barrez lehertuko dira proposamen zoro eta dibertigarriokaz.

Prentsaurrekoan, 2019ko Aste Nagusiko kale antzerkiaren eta kaleko arte eszenikoen egitarauak eskainiko dauenaren lagin bat erakutsi deuskue. Emonaldi labur bat eskaini dau Malas Compañías taldeak, Prozak antzezlana, hain zuzen. Edade guztietarako ikuskizun honek umorea eta zirkua ditu erdigune; akrobaziak, aereoak eta objektuen manipulazinoa erabilten ditue, betiko zirkuaren antzean. Euskal konpainia honek jaietan hilaren 22an (eguena) jardungo dau, 13:30ean, Gas plazan, eta 23an (barikua), 19:30ean Txikigunean.


18 konpainia, 10 EAE-koak

Gas plazeak eta Txikiguneak hainbat ikuskizun hartuko ditue abuztuaren 18tik (domeka) 25era arte (domeka). Saio bi izango dira Gas plazan, 13:30ean eta 21:15ean. Bakotxak 50 minutu inguru iraungo dau. Bestalde, Txikigunean, hau da, Casilda Iturrizar parkeko pergolan, umeentzako ikuskizunak egingo dira, egunero 19:30ean.

Aurten, munduko txoko askotako konpainiak izango dira gurean: Euskadi, Katalunia, Valentzia, Murtzia, Brasil, Kenia, Belgika, Italia eta Frantziakoak. Danetara, Euskadiko 10 konpainia, estaduko 3 eta nazinoarteko 5 etorriko dira. Arte eszenikoen jaialdi oparo honetan ehun profesionaletik gora izango ditugu era guztietako personaiei bizia emoten. Jentea zur eta lur itxiko dabe, magia eta akrobaziak eginez, eta clown, umorea eta jantza ikuskizunak eskainiz.


Lau estreinaldi Euskadin

2019ko Aste Nagusiko kale antzerkiko eta kaleko arte eszenikoen egitarauak bost estreinaldi ekarriko ditu Bilbora: lau EAEn eta beste bat Estaduan; azken hori astelehenekoa da (abuztuak 19). Gas plazan egingo da, 13:30ean eta 21:15ean. Temple lana da, Cirq`ulation Locale taldearena (Belgika).

Gas plazan izango dira Euskadiko estreinaldiak. Lehenengoa, martitzenean, abuztuaren 20an, 13:30ean, Josafat ikuskizunagaz, Passabarret konpainiarena (Katalunia-Brasil). Gero, eguaztenean, abuztuaren 21ean, 13:30ean eta 21:15ean, Vintage Brothers, Circo Los taldearena (Katalunia-Brasil) eta L´avis bidon. Fase A, Cirque La Compagnie taldearena (Frantzia), hurranez hurran.

Euskadiko laugarren estreinaldia El cazador izango da, Migthy Jango taldearena (Kenia), abuztuaren 23an, barikuan, 13:30ean eta 21:15ean, Gas plazan.


Euskal konpainiak eta euskerazko ikuskizunak ugari

Bilboko Udalak kaleko antzerkiko eta arte eszenikoetako egitarau honegaz gura dauena da generoa oro har jenteari eta batez be umeei hurreratzea. Ezin dogu ahaztu Aste Nagusia dozenaka euskal konpainiaren plaza bihurtu dala. Bilboko Aste Nagusian zehar, publikoarengana hurreratzeko eta sektorearen barruan aintzatespenik handiena lortzeko aukerea dabe.

Aurten, euskal ordezkari asko egongo dira: guztira 10 euskal konpainia egongo dira. 2019ko Aste Nagusiko Kaleko Antzerkiko eta Arte Eszenikoetako egitaraua abuztuaren 18an, domekan, hasiko da, Amico Teatro euskal taldearen eskutik: Amico on the beach taularatuko dau, 13:30ean, Gas plazan.

Hilaren 22an, eguenean, Gas plazan euskal konpainiak be izango dira: 13:30ean, Prozak ikuskizuna eskainiko dau Malas Compañías Zirko Taldeak eta, 21:15ean, Festamentue Tio Teromen Semeak taldeak.

Kaleko antzerkiko eta arte eszenikoen egitarauaren gailurra hilaren 25ean ikusiko dogu, domekan, 13:30ean, Trapu Zaharrak taldearen eskutik: Turistreatzen lana ekarriko deuskue.

Duda barik, Txikigunean batuko dira euskal konpainia gehien eta euskerazko ikuskizun gehien, ume jenteari arreta berezia eskainiz. Emonkizun guztiak 19:30ean izango dira.

Abuztuaren 18an, domekan, Mr. Pichichi ikuzkizuna eskainiko dau Phil Otajolde Taldeak. Horren ostean ikusiko ditugu Mendian Ibiltari, Kontu Kantari 2rena, astelehenean, hilaren 19an; Argi ta garbi, Tor Magoarena, martitzenean, hilaren 20an; Ondorengoak, Zirika Zirkusena, eguaztenean, hilaren 21ean; Prozak, Malas Compañías Zirko Taldearena, barikuan, hilaren 23an; Diskopuntx, Txaloka Antzerki Taldearena, zapatuan, hilaren 24an, eta Gora Kasete!, Eidabe Zerbitzu Kulturalak-ena, domekan, hilaren 25ean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu