Augustin Zubikarai XIX. Saria, nobelak sortzeko bekea martxan
2019-07-11 08:02 KultureaProiektuak 2019ko irailaren 30a arte bialdu daitekez: mrey@ondarroa.eus
Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak, euskal kulturea aberasteko eta idazleen lana bultzatzeko asmoz, Augustin Zubikarai saria antolatzen dabe, nobelak sortzeko beka lez funtzionauko dauena, ondorengo oinarrien arabera:
Deialdi honetara, eleberriak idazteko proiektuak aurkeztu daitekez, jatorrizkoak eta euskeraz sortuak, beste inondik moldatu bakoak eta aurretik saririk jaso edo argitaratu ez diranak.
Beka hau behin irabazten dauenak ezingo dau barriro parte hartu.
Parte-hartzaile bakotxak, ondorengoak aurkeztu behar ditu, emailez atxikitako dokumentuetan:
a) Landu nahi dauen kontakizunaren azalpena, bi mila eta sei mila karaktere bitartekoa, egoki eretxitako ezaugarriak zehaztuz, besteak beste, argumentua, egiturea, luzerea, estiloa, etab.
b) Idazlanaren lagina edo erakusgarria, hamabost mila eta berrogei mila karaktere bitartekoa, ez nahitaez kontakizunaren hasierakoa, baina bai zati bakarra osotzen dauena.
c) Egilearen izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa, telefonoa eta nortasun agiriaren kopia eskaneauta (Egileei buruzko informazinoa Udalak gordeko dau erabagia hartu arte, eta epaimahaikoek ez dabe jakingo horreen barri).
Proiektuak, 2019ko irailaren 30a arte bialdu daitekez helbide honetara: mrey@ondarroa.eus
Ana Urkiza, Leire Bilbao eta Xabier Mendigurenek osotutako epaimahaiak jasotako proiektu guztiak aztertu eta euren arteko bat izentauko dau irabazle 2019ko urriaren 31 baino lehen. Aurkeztutako lanek behar ainako kalidaderik ez dabela pentsau ezkero, bekea emon barik itxi leike epaimahaiak.
Saria 6.000 eurokoa izango da eta Ondarroako Udalak ordainduko deutso irabazleari era honetara: bekearen diru-kopuruaren erdia, irabazle izentau ondoren, eta beste erdia, idazlan amaitua entregau eta epaimahaikoek onespena emondakoan.
Irabazleak izendapena jaso eta urtebeteko epea izango dau, gehienez, idazlan amaitua Ondarroako Udalari helarazoteko. Luzera aldez aurretik zehazten gatxa bada be, liburua osotzeko aina izan beharko dau: 150.000 karaktere gitxienez. Bitarte horretan egileak hasierako proiektua aldatu nahi izango baleu, epaimahaikoei jakinarazo beharko deutsee aldaketearen barri eta hareen onespena jaso. Horrezaz gan, lanaren martxaz jakinaren gainean izango ditu antolatzaileak.
Idazleak bere lana entregauko ez baleu, edo idazlan horren izakerea eta kalidadea, epaimahaikoen eretxiz, proiektuan azaldutakoen aldean nabarmen kaxkarragoak balira, idazleak bueltau egin beharko dau jasotako dirua.
Dirulaguntzinoa jasotako idazlanaren jaubetzea egilearena izango da. Alabaina, lan horrek ezingo dau beste inongo beka edo saririk jaso, ez laguntzinoaren aurretik ez eta ondoren be, argitaratu osteko sariak izan ezik. Elkar argitaletxeak argitaratuko dau idazlana, eta egile-eskubideak ohiko moduan pagauko deutsoz egileari. Epaimahaiak onespena emoten dauenetik hiru hilebeteko epean kaleratu beharko da liburua, eta bertan bekearen aitamena egingo da nahitaez.
Beka-deialdi honetan parte hartzeak bertako oinarriak ontzat emotea dakar. Horreen ulermenean dudarik balego, antolatzaileei jagoke erabagitea.
Argibideak:
Ondarroako Udaleko euskera zerbitzuan: 94 683 36 68 mrey@ondarroa.eus
Elkar argitaletxean: 943 31 02 67 liburuak@elkar.eus
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!