27. Euskal Encounter: zaleentzako segundoko 60 Gigabiteko abiadurea

Bizkaie! 2019-07-09 09:01   Kulturea

Garagarrilaren 25etik 28ra izango da Barakaldon.



Euskal Encounter 2019
, informatikearen eta teknologia barrien profesional eta zaleak batzen dituan Estaduko topaketa zaharrena, Barakaldoko BEC-era bueltauko da hilaren 25 eta 28 bitartean marka guztiak hausiz: sarean konektautako 5.000 ordenagailu, segundoko 60 gigabiteko Interneterako konekzinoa, informatika eta teknologia barriei eskainitako 50.000 metro koadro eta 50.000 euro saritan.

Euskal partyaren 27. edizinoak etenik bako lau egun dakarz eguenetik domekara Bilbao Exhibition Centre eraikineko 5. pabilioian eguna eta gaua pasauko daben 5.000 parte-hartzaileentzako. Gune erraldoi honek dozenaka aukera izango ditu ondo pasetako eta norberaren gaitasunak erakutsi eta ezagutzak konpartiduteko arte digital, hardware, software libre nahiz bideo-jokoen arloetan.

Gainera, Euskaltelen teknologiari esker, topaketak segundoko 60 gigabiteko Interneterako konekzinoa eskainiko dau; abiadura horrek munduko ekimen azkarrenen artean kokatuko dau Euskaltel Konekta Fundazinoak antolaturiko topaketea.

Ekimenak ikusmin handia pizten dau, izen emoteak argi itxi dauen moduan, izan be, aukera libreko 4.000 lekuak 5 segundotan erreserbau dira eta ganerako lekuak antolatzaileak esleitu ditue banan-banan.


Opengune

Ordenagailu-postuak hartuko dituan guneaz gan, Opengune izeneko eremuak publikoarentzat edegiak eta dobakoak izango diran jarduera ugari batuko ditu: prestakuntza tailerrak eta berbaldiak, informatika produktuak erosteko standak, eta errealidade birtualaz zein 3D inprimagailuez gozetako ekintzak.

Horrezaz gan, partyaren nondik norakoak barrutik ezagutu nahi izan ezkero, eguneko sarrerak eskuratu ahal izango ditue BECen bertan.


Gonbidatu ospetsua eta Cosplay lehiaketea

Igazko topaketara ehunka ikusle erakarri zituen José Luis Crespo, Xuri Fenton, Rodrigo Septién eta Alvaro Pascual youtuberren berbaldien ostean, Euskal Encounterrek konbidadu famatua izango dau aurten be: Nate Gentile, Estaduko modding (ordenagailuen eraldaketa eta personalizetea) aditu handiena eta 454.000 jarraitzaile dituan youtuberra. 42 milioi aldiz ikusi dira Nate Gentileren bideoak Youtuben. Gentilek zuzeneko saioa egingo dau hardware gunetik eta nitrogeno likidoagaz ordenagailua zelan hoztu azalduko dau tailer batean, beste sorpresa batzuen artean.

Bestalde, cosplayak leku nabarmena izango dau aurten. Manga, anime edo bideo-jokoetako personaien antzera mozorrotzea da cosplaya, eta praktika honek jarduera bi izango ditu: cosplayerren desfilea eta Opengunera bertaratzen diran bisitariei edegitako cosplay-lehiaketea.

Euskaltel Konekta Fundazinoak antolatzen dau Euskal Encounter, Eusko Jaurlaritzearen babesagaz, SPRIren bitartez.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu