Badator 'III. Zurrumurruen kontra, sartu aterpean'

Bizkaie! 2019-07-08 10:25

Kulturartekotasuna, identidadea eta errespetua lako balioak nabarmenduko ditue.

Bilboko Udala 2013tik dabil zurrumurruen kontrako proiektua garatzen, diskriminazionari aurrea hartzeko, bizikidetzea hobetzeko eta atzerritarren inguruko estereotipo negatiboei aurre egiteko. Ekimen hau Herritarren eta Aniztasunaren II Udal Planera batutako konpromisoaren barruan dago.

Bilboko Udala berbearen indarra erabiliko dau barriro be bereizkeriaren kontrako burrukan eta aurreretxiakaz amaitzeko, horretarako antolatu dauelako 'Zurrumurruen kontra, sartu aterpean' kontakizun laburren III. Lehiaketea.

Baldintza bakarra dago parte hartzeko: 18 urte beteta izatea. Kontakizunek gehienez lau orriko luzerea izango dabe eta Arial 12 edo antzeko letran, espazio bikotxaz eta orriaren alde bakarrean idatzita. Kontakizunak originalak eta argitaratu bakoak izango dira.

Kulturartekotasuna, arrazakeriaren eta aurreretxien kontrako burrukea, nortasuna eta errespetua, bai eta bizikidetzearen balioa be, landuko dira kontakizunetan, besteak beste. Lanak aurkezteko epea irailaren 1etik 30era arte egongo da zabalik hemen.

Lankidetzea, Bizikidetzea eta Jaiak Sailak izentautako epaimahai parekideak urtea amaitu aurretik aukeratuko ditu irabazleak. Hizkuntza-modalidade bakotxeko lehenengo saria 350 eurokoa izango da eta bigarrena 150 eurokoa. Gainera, finalista guztien lanak liburu batera batuko ditue, lehiaketearen aurreko edizinoetan bezala.


Irudimena eta sormena estereotipoei aurre egiteko

2017tik, udalaren estrategiak sorkuntzazko idazketearen eta literaturearen inguruan esku-hartzeko amesa dauka, hain zuzen be, irudi eta diskurso barriak eregiteko tresna moduan sormena sustatzeko asmoz. Sorkuntzazko idazketa tailerrak eta urteroko lehiaketea dira horretarako egiten diran jardueretako batzuk.

Horrezaz gan, pintxo-pote literarioa be egiten da, estrategiagaz bat egiten daben ostalariakaz batera. Hor, literatur lehiaketearen irabazleek eta finalistek euren lanak irakurten ditue, proiektua auzoetara hurreratzeko eta dibersidadeari eta bizikidetzeari buruzko irudi barriak konpartiduteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu