Getxok egitarau potoloa dakar J80ko Munduko Bela Txapelketearen inguruan

Bizkaie! 2019-07-08 10:33   Kulturea

Garagarrilaren 13tik 20ra, ehun ontzi inguruk parte hartuko dabe, eta bostehun bat marineruk, 




Getxon egingo dan J80ko Munduko Txapelketearen bueltan, herritarrentzako 25 bat jarduera antolatu ditue, familia osoari zuzendutakoak, berbarako, bela nabegazinoaren hasierako ibilerakaz lotutako proposamenak egongo dira, baita ingurumena jagoteagaz zerikusia dabenak eta ur-kirolak eginez lurraldeari ekarri leikiozan onurez kontzientziatzeko bideratutakoak bere.

Txapelketan, Real Club Marítimo del Abra-Real Sporting Clubek antolatua Getxoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesaz, ehun ontzi inguruk parte hartuko dabe, eta bostehun bat marineruk, honako herrialde honeetatik etorritakoak, besteak beste: Ingalaterra, Frantzia, Irlanda, Alemania, Belgika, Kanada, Errusia eta Ameriketako Estadu Batuak. J80 kategoriako nazinoarteko marinelik onenak izango dira, eta hemengoen ordezkaritza zabala ere egongo da.

Umeentzako jarduerak, herri-estropadak, lantegiak, zuzeneko musikea eta bela-nabegazinorako hasierako pausuakaz lotutako proposamenak dira, beste askoren artean, lehen mailako kirol txapelketa honen inguruan atondutako egitaraua osotzen dabenak.


Umeentzako jarduerak, doban

Jarduera egitarau zabalaren barruan, askotariko dobako proposamenak izango dira umeentzat: Alde batetik, garagarrilaren 13tik 17ra, ‘Sail A Future’ egingo da, Hetty Van der Linden margolari holandar ezagunak zuzendutako umeentzako jarduerea. Paint A Future Gobernuz Kanpoko Erakunde horren sortzailearen jarduerearen bidez, umeak ingurumena jagon beharraz sensibilizau nahi dira. Berenberegi ekitaldi honetarako birziklautako beletan pintauko dabe, euren amesak mundu hobea izateko desira onak agerrarazo deiezan. Dagoeneko munduko bazter guztietako 1.000 umek baino gehiagok hartu dabe parte ekimenean.

Bestalde, BelaKlubaren eskutik, 13an eta 14an, jarduerak izango dira eskalara eginiko irrati kontrol bidezko ontzieakaz nabegetan ikasteko, eta 15etik 19ra, 8-15 urteko umeentzako bela tailerrak eskainiko ditu Pakea Getxo Eskoleak.


Herri-estropadea, musikea eta belarako hasierako pausuak

Egitarauaren jarduerarik handizaleenetako bat Rock & Sail herri-estropadea da, bela nabegazino zaleen eta esperientziarik bako personen arteko topaketea sustatzeko. Hilaren 13an izango da, zapatuan, 10:00etatik 15:00etara. Urtekerea Getxoko Kirol Portuan izango da.

Hilaren 13tik 21era, askotariko dobako musika eskaintzea be izango da, besteak beste, Sultans Of Swing (Dire Straits gogoratzeko taldea, Real Club Marítimo del Abra-Real Sporting Cluben ontziralekuan joko dauen lehenengo taldea, ze lehen aldiz edegiko baita herritar guztientzat), edo Getxoko Urgatz, Lorelei Green, D’Capricho, Blue Bird eta Mississippi Queen & The Wet Dogs taldeak (azken bi horreek Getxoko 31. Nazinoarteko Blues Jaialdiaren barruan).

J80 Munduko Txapelketaren barruan, nahi dabenek lehen hartu-emonak izan leikiez beleagaz, nabegetako ibilaldian. Programautako saioa ordubetekoa izango da hilaren 14an, domekan, personako 5€ bakarrik pagauta (batutako dirua Paint A Future GKEri emongo jako). Horrezaz gan, bisita gidatuak izango dira J80ko Munduko Txapelketako ontzietara (15etik 18ra), beleari buruzko jardunaldiak (15, 16 eta 19an), pintxo-potea fanzone-n (13tik 18ra), hondakinak batzea Arrigunagan (13an) eta azoka nautikoa (15etik 27ra).

Azkenik, pagetakoak diran uretako jardueren eskaintza zabala jarriko dau Getxok nahi dauenaren eskura, besteak beste, urpean uger egiten ikasteko ibilalditxuak, ilunabarrak edo Galeako itsaslabarrak belaontzi batetik, itsasaldia El Abra belaontzian edo motordun ontzian edo pintxoak Tours ontzian.

Egitarau osoa hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu