Arratiako Kalenturak Ipuin Erotikoen Lehiaketea martxan

Bizkaie! 2019-07-08 09:02   Kulturea

Zertu-k, Igorreko Udalaren laguntzeagaz Arratiako Kalenturak Ipuin Erotikoen Lehiaketea martxan ipiniko dau. 

Txalapartaren azal osoa Facebooken aginduz kendua. | Ikusi handiago | Argazki originala

Lehiaketeak Basauri eta Dimako ipuin erotikoen lehiaketen oinorde eta segidea izan gura dau. Lanak zemendiaren 15era arte bialdu ahal izango dira.


Zergaitik Arratian

Aurreko beste baten esaten genduan lez, kasualidadea izan ala ez, berehala konturatzen gara asko izan dirala ipuin erotikoen lehiaketetatik pasau izan diran arratiarrak edo-eta orain diran Arratiako bizilagunak. Holan, Igor Estankona, Julen Gabiria, Alvaro Rabelli, Rafa Ugalde, Janire Lopez, Zefe Ziarrusta eta Maite Arrizabalaga lan erotikoen egileak doguz. Horreetako batzuk aspaldi pasau ziran Basauriko Euskarabila alkarteak 1996. urtetik 2012ra arte antolatutako Ipuin Erotikoen Lehiaketatik. Urte horreetan, hain zuzen be, Igor Estankona, Julen Gabiria, Alvaro Rabelli, Rafa Ugalde eta Janire Lopezen ipuinak sariak jaso zituen aitatutako lehiaketan. Gaur Txalaparta argitaletxeak eginiko hainbat bildumatan topau geinkez euren ipuinak, Bero hezeak (2001), Basa gurina (2006) eta Esku hori! (2012) bildumetan hain zuzen be. Rafa Ugalderen Relax (2007) bildumea be ezin dogu ahaztu; beste batzuk, Zefe Ziarrusta eta Maite Arrizabalagaren lanak, oraindino argitaratubakoak, atzen urteetan Diman antolatutako Dimako Kalenturak Lehiaketeari jagokoz.


Nabarmentzekoa Rafa Ugalde dimoztarrak egindako zubilana

Ipuin erotikoak idazle honeetako batzuen ibilbidean anekdotikoak izan arren, batzuentzat lehenengo lanak izan dira, horreekaz urten dabe euskal literaturearen plazara; eta ez honeek bakarrik, ugari dira gaur ezagunak diran euskal idazle gazteak horreetan ibili diranak, lehiaketok izan daben arrakastea eta eraginaren seinale. Halanda be, bai Basauriko lehiaketeak, bai Dimakoak euren onenak emon ebezan aspaldi.

Atzen urteotan ez da Euskal Herri osoan genero hau kontuan hartu dauan lehiaketarik egon eta horregaitik, Zertu Kultur Alkarteak beste ahalegin bat egin gura dau ipuin erotikoen lehiaketeari eusteko, aurten, Igorreko Udalaren laguntzeagaz; eta aurrerantzean, aukerea egon ezkero, Arratiako beste udal batzuakaz batera auzolanean.


Zergaitik erotikoak?

Belaunaldi bakotxak bere sexualidadearen irudia deskubriduteko jarrerea izaten dau, izan be, literatura erotikoaren helburu estetikoaz gan -literatura guztiak daukan lez- sexu irakaspena be emon gura izan dau. Jendartearen sexu portaera eta fantasien erakuslea da. Areago, jendarteak sexuagaz zer hartu-emon dituan behin eta barriro erakusten deusku.

Literatura erotikoa literatura bera bezain zaharra da. Beti izan dogu sensualidadea, amodioa eta barruko sentimentu guztiak islatzeko beharrizana. Zertu seguru dago antolatu izan diran ipuin lehiaketa guztiak, generoaren garapena ez eze, irakurle eta idazle barriak be ekarri dituela gure euskal literaturara. Euskal literatureari ekarpen handia egin izan deutsie, generoaren bilakaerea be agirikoa da. Gaur erotismoaren agerpen hutsetik harago, nagusi da sexu-generoaren gaineko ikuspuntua emotea. Literatura erotikoaren mugak gaindituz erotismoa bera bestelango lanetara be zabaldu da, nabarmen-nabarmen gaur egungo idazle andrazkoen literaturan ikusi geinken moduan.


Zelako lehiaketea

Arratiako Kalenturak Ipuin Erotikoen Lehiaketea ez dogu bakarrik gure eskualdean lotu daiten gura, beren-beregi bertoko literaturazaleak parte hartu deien animetan badoguz be, Euskal Herri osorako lehiaketea izatea gura dogu. Horretarako, batetik, ezinbestekoa da sari dezentekoak emotea eta, bestetik, prestigioa emongo deutsan literatura munduko lagun ezagunak osotutako epaimahaia izatea, eta beharbada garrantzitsuena, ondoren, saridun izango diran ipuinakaz argitalpenak egiteko ahalegin berezia egitea.


Arratiako Kalenturak izena Diman egin zan lehiaketeari gorazarre eginez hartuta

Zertu Kultur Alkartearentzat be erronka garrantzitsua izango da lehiaketa hau antolatzea, beste aurrerapausu bat. Lehiaketa honen bidez argi dago zer lortu gura dogun: Euskal Herria osoan eta Arratian literatura zaletasuna bultzatzeko beste tresna bat gehiago eskaintzea; egile gazteei edota hasibarriei hasteko plazea eskaintzea; gazteen artean irakurzaletasuna bultzatzea; berbakera erotiko-afektiboa euskeraz lantzea, eta atzenez, genero erotikoaren inguruko ikuspegi zabalak emotea.

Lanak bialtzeko epea zabalik dago, zemendiaren 15era arte, eta sari banaketea aurtengo Gabon inguruan izango da ekitaldi bategaz batera Igorreko Kultur Etxean.


Arratiako Kalenturak Ipuin Erotikoen Lehiaketea

Oinarriak

1- Lehiaketa honetan hamasei urtetik gorako edozein personak hartu leike parte.

2- Lan guztiak argitaratu bakoak eta euskeraz idatziak izan beharko dira.

3- Lanak ipuin erotikoak izan behar dira eta DIN A4 orrietan makinaz tarte bikotxean idatzita aurkeztu beharko dira. Lanen luzeerea lau eta zortzi orrialde artekoa izan beharko da.

4- Lanean ez da egilearen daturik ipiniko, izenburua bakarrik. Egilearen datuak (Izen-abizenak, edadea, telefonoa, helbidea eta lanaren izenburua) gutunazal zarratu baten sartuko dira eta gutunazal horren azalean lanean ipini dan izenburu bera ipini beharko da.

5- Jatorrizko lana, originala, hiru kopia, eta egilearen datuak dituan gutunazala beste gutunazal handiago baten sartuta, honako helbide honetara bialdu beharko da: Zertu Kultur Alkartea, Herriko Plaza 24, 48142 Artea (Bizkaia). Posta elektronikoz bialdu ezkero, gehitu artxibo bi, bat lanerako, bestea datuetarako, eta bialdu helbide honetara: begitu@topagunea.com.

6- Hiru sari emongo dira: lehena 600 eurokoa, bigarrena 400 eurokoa eta Arratiako onenari, 250 eurokoa.

7- Lanak bialduteko azken eguna 2019ko zemendiaren 15a da.

8- Zertu alkarteak izentauko dau epaimahaia literatura munduko kideakaz.

9- Sari emotea irabazleak bertan dirala egingo da. Non eta noz izango dan aurrez iragarriko da.

10- Lan saridunak Zertu alkartearen esku lotuko dira eta osorik zein zatika argitaratzeko aukerea eukiko dau, beti egilea nor dan garbi adierazoz.

11- Zertu alkarteak oinarri honeei edozein aldaketa egiteko aukerea eukiko dau, beti publikoki adierazoz.


Kontakturako telefonoa: 685 711 598 Alvaro Rabelli

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu