eLiburutegiak urteko lehen seihilekoan 30.000 liburu baino gehiago mailegatu ditu
2019-07-08 07:55 KultureaJohn Andueza, María Dueñas, Harkaitz Cano eta Jon Arretxe izan dira erabiltzaileek gehien eskatutakoak.
Euskadiko liburutegi digitalak, eLiburutegiak, urteko lehen seihilekoan, 30.206 lan mailegatu ditu (igaz epe horretan baino 3.955 gehiago), eta 3.162 erabiltzaile barri irabazi ditu, danetara, 32.899 erabiltzaile izatera helduz. 2019an, orain arte, eskaera handiena honako lan honeek jaso dabe: John Anduezaren Larunbatean Bukowskin; María Dueñasen Las hijas del Capitán; eta Harkaitz Canoren Fakirraren ahotsa lanek. Igaz gehien eskatutako 20 maileguen artean, hamar euskerazkoak dira eta beste hamar gaztelaniazkoak. eLiburutegiak eskainitako filmei jagokenez, eskaera gehien Asier Altunak zuzendutako Amama, eta Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak zuzendutako Loreak filmek izaten jarraitzen dabe. Hirugarren dago Max Lang-ek eta Jakob Schuh-ek zuzendutako El Grúfalo animazino-filma.
Datu horreekaz, eLiburutegia atariak hazten eta erabiltzaile gehiago erakarten jarraitzen dau, izan be, 2019ko bigarren zatian mailegu-erritmo horregaz jarraitu ezkero, atariaren marka onena gaindituko da (57.180 mailegu izan zituan iaz, beste inoiz baino gehiago). Urteko lehen seihilekoa kontuan hartuta, apirilean erregistrau zan mailegu kopuru handiena (5.408), eta zezeilean txikiena (4.460).
Urteko lehen erdian gehien mailegatu ziran bost lanetatik lau euskal egileenak dira: John Andueza, Harkaitz Cano, Jon Arretxe eta Fernando Aramburu.
Era berean, mailegatutako 20 lanetatik 11 emakume idazleen lanak dira.
Euskeraz gehien mailegatutako 10 liburuen artean John Andueza eta Jon Arretxe idazleen presentzia azpimarratu behar da, bakotxak liburu bi dituelako 10 horreen artean.
eLiburutegia
2014ko zemendian sortu zan, egilearen eskubideak errespetauko dituan eduki digitalen konsumo antolatua eskaintzeko. Eusko Jaurlaritzeak mailegu bakotxeko kopuru bat pagetan dau, erabiltzaileei kultur eduki digitalak doban eskuratzeko aukerea emonez. Filmen kasuan, eFILM-egaz lortutako akordioari esker, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak mailegu bakotxeko, batez beste, 50 zentimo pagetan ditu.
Liburutegi digital hau erabili ahal izateko, erabiltzaileak Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarearen (EIPS) liburutegi publiko batean altea emonda egon behar dau. Era horretan, liburutegi-txartelaren bitartez, persona horrek erabiltzaile-izena eta sarbide-pasaberbea izango ditu. Holakorik ez dauen edonor EIPSaren liburutegi batera joan daiteke eskatzeko. Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareak ia milo bat erabiltzaile ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!