EHU-k eta GFA-k Joxe Azurmendi Pentsamendu Garaikidearen Katedrea sortu dabe

Bizkaie! 2019-07-05 13:53   Kulturea

Euskal filosofoaren eta haren garaikideen lana eta pentsamendua ikertu eta zabaltzeko asmoa dago.

Euskal Herriko Unibersidadeak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lankidetza hitzarmena sinatu dabe Pentsamendu Garaikideko Joxe Azurmendi Katedrearen Proiektua sortu, garatu eta babesteko. Iñaki Zabaleta Gorrotxategi Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultadeko irakasleak koordinauko dau katedra hori. Gaur goizean sinatu dabe hitzarmena Nekane Balluerka UPV/EHUko errektoreak eta Markel Olano Gipuzkoako diputadu nagusiak.

Joxe Azurmendi filosofoaren lana eta pentsamendua ez eze, 1956ko Belaunaldia deitutakoa osotu eben beste personenak be ikertu eta zabaltzea dau helburu nagusitzat erakunde bien arteko hitzarmenak. Helburu hori gauzatzeko, hiru arlotan lan egitea aurreikusten da: arlo filosofikoa, gogoetea eta kritieka sustatuz; giza zientzietako eta gizarte zientzietako beste arlo batzuk, historia, hizkuntzea, kulturea, gizartea eta politikea; eta proiekzinoaren arloa, euskal pentsamenduak nazinoartean zelako eragina dauen aztertuz.

Hitzarmen horren bitartez, aztertzeko eta ikertzeko lan akademikoak egingo dira euskeraz, honako gaiak ardatz hartuta: euskal pentsamendua, haren nazinoarteko eragina, 1956ko Belaunaldiko beste kide batzuen lana, kooperatibismo eta pentsamendu soziala, bizikidetzeari buruzko gogoeta etikoa... Horretarako, lankidetza aktiboa egongo da euskal pentsamendua jorratzen daben erakundeakaz, esate baterako: Jakin Fundazinoa, Jakiunde, Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza, Center for Basque Studies, Etxepare Euskal Institutua, Arantzazu Gaur Fundazinoa, Arizmendiarretaren Lagunak Alkartea, Euskal Kultur Erakundea...

UPV/EHUko errektore Nekane Balluerkak honako hau adierazo dau proiektu horri jagokonez: Hizkuntza baten normalizazinoak gizartearen eta kulturearen esparru guztietara zabaltzea eskatzen dau, giza pentsamenduaren esparrurik konplejuenetara. Esangura horretan, Azurmendi irakaslearen ibilbide personal eta intelektuala eredugarria da: filosofia, biografia, historia soziala, saiakuntza literario edo politikoa landu ditu, baita poesia be. Joxe Azurmendiren lanak gure garaiko oinarrizko gaiakazko ardurea agertzen dau. Haren pentsamendua konplejua eta malgua da, eta euskeraz garatu da, gainera, hizkuntza aberastuz eta agiriko jakin-mina pizten dauen lana ekarriz. Lan askotariko eta zabal hori aztertzeko dago oraindino, eta beste ikerketa askoren abiapuntua eta erreferente nagusia izan daiteke.

Gipuzkoako diputadu nagusi Markel Olanok, barriz, gogora ekarri dau Joxe Azurmendi Jakin taldeko kideetako bat izan zala. Gipuzkoako Urrezko Dominea be eskuratu eban, pentsamenduaren, kultur sorkuntzearen, argitalgintzearen, euskal kulturearen eta euskera batuaren arloan eginiko ekarpen handiagaitik. Espiritu edegia eta, aldi berean, kritikoa eban Mendebaldeko pentsamendu jokerei erreparauta eta horreetan oinarrituta, egungo euskal gizarteak bere historia, nortasun, hizkuntzea, kulturea eta gizarte errealidadeari buruz dituan erronka eta galderei erantzuten saiatu da, adierazo dau Olanok.


Joxe Azurmendi, (Zegama, 1941)

Idazle, filosofo, saiakeragile eta pentsalaria. Oso gazte zala Arantzazuko frantziskotarren ikastetxean hasi zituan ikasketak, eta ordenan sartu zan aurrerago. Filosofia ikasketak egin zituan Alemanian, eta Teologia ikasketak Erroman. Jakin aldizkariaren inguruko mobimentu kulturalaren motorretako bat izan zan. Laurogeiko hamarkadearen hasieran, ordena itxi ondoren, lanean hasi zan UPV/EHUko irakasle. Jose Maria Arizmendiarrieta abade eta sustatzailearen, eta Mondragon kooperatiba muobimentuaren sortzailearen, filosofiari buruzko doktorego tesia aurkeztu eban 1984an. UPV/EHUko Filosofia Modernoaren katedraduna izan zan, 2011n erretiroa hartu eban arte.

Era berean, lan filosofikoak euskeratzen lagundu dau Klasikoak argitaletxean. Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izentau eban 2010ean, eta Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanidade, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien Saria irabazi eban 2012an.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu