Raquel Asensi eta Jon Gorospe artistek lau asteko egonaldia egingo dabe New Yorken

Bizkaie! 2019-07-03 08:10   Kulturea

Solomon R. Guggenheim Museumek artista gazteentzako egonaldi-programearen 5. edizinoan parte hartzeko hautatu ditue.

Raquel Asensi eta Jon Gorospe izango dira Solomon R. Guggenheim Museumek artista gazteentzat dauen egonaldi-programearen bosgarren edizinoan parte hartzeko hautatutako artista hasibarriak. Urrian hasiko dan programearen barruan, artista gazte biek aukerea izango dabe euren ibilbide profesionalean aurrera egiteko, uriko arte-giroa sakonetik aztertzeko eta artista, komisario eta arte-erakunde desbardinak ezagutzeko, Solomon R. Guggenheim Museumeko profesionalen eskutik.

Ekimen hau erantzun bikainagaz egin da aurreko lau edizinoetan, eta 2014ko abenduan Guggenheim Bilbao Museoak Solomon R. Guggenheim Foundation-egaz sinatutako kudeaketa akordioa barritzearen barruan sartzen da. Akordio horren arabera, erakunde biek euren arteko lankidetzan askotariko proiektuetan sakonduko dabe; egitasmo horreen artean nabarmentzen da, hain zuzen, artista hasibarrientzako programa hau, baita Museoak udagoienero New Yorkera joateko deitzen dauen beka-programea be, EAEko graduatuei zuzendua.

 

Raquel Asensi (Barakaldo, 1989)

Bilbon bizi da eta bertan egiten dau lan. Arte Ederretako gradua amaitu eban 2012an, eta Zeramika: Artea eta Funtzinoa masterra 2015ean, biak UPV/EHUn. Gaur egun, Euskal Herriko Unibersidadearen Ikerketa Arte Garaikidean doktorego-programan dabil, ikuspegi feministak 1970eko eta 1980ko hamarkadetatik zeramika arloko praktika artistikoetan izan dauen eraginaren gainean lanean. Azken urteetan lan artistiko ezbardinak egin ditu, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Ikusmen-arteen Beka eta BilbaoArteren Egoitza-bekea lortu ditu, besteak beste. 2018an, Ertibil Sarirako hautagai izan zan. 2019an, 2019 MH-UPV/EHU bekearen emoitzea izan dan Inadaptada Resistencia erakusketea aurkeztu dau Montehermoso Kulturunean, eta Objeto [In]quieto BilbaoArten.


Jon Gorospe (Vitoria-Gasteiz, 1986)

Oslon eta Gasteizen bizi da eta lan egiten dau. 2014an arte-ikasketetako gradua amaitu eban, diseinu grafikoan espezializauta; ikasketak Gasteizko ADGEn egin zituan, eta alkartrukea, barriz, Lituaniako Vilnius Faculty of Arts-en egin eban. Antoine d’Agata, Xavier Rivas, Javier Rebollo, José Luis Guerín edo Pep Bonet lako izen handiko argazkilari eta zinemagile ezbardinek emondako mintegiakaz osotu dau trebakuntzea, eta bere lana aitortzen dabenn hainbat sari eta beka jaso ditu, besteak beste, argazkilari gazteentzako Tetrapack saria (2011/2012), Argazkilaritza Garaikidearen Galicia saria, Montehermoso saria 2014an, eta Albarracingo Argazkilaritza eta Kazetaritza bekea. Oraintsu Metrópolis erakusketea aurkeztu dau, Montehermosoko Proiektu Artistikoak hautatzeko urteroko deialdirako aukeratu dabelako. 2020an Japoniara joango da Sasakawa Fundazinoaren bekadun moduan.

Bestalde, nabarmentzekoak dira aurreko edizinoetan hautatuak izan ziranak: Carla Tobar eta Alain Urrutia 2015ean; Diego Vivanco eta Cristian Villavicencio 2016an; Gala Knörr eta Maite Pinto 2017an; eta Nora Aurrekoetxea eta Helena Goñi 2018an.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu