'Emon giltza' ekimenaren bigarren saria emon dabe Bilbon

Bizkaie! 2019-07-02 13:50   Kulturea

Programa honek webgunea be badauka: www.emangiltza.eus.

Kanpaina hau Alkarbidegaz alkarlanean egin da, Bizkaiko hainbat udaletan, eta guraso bihurtu barrientzat da, ohartarazo guran ze garrantzitsua dan umeei jaioten diranetik transmitidutea euskerea.

Aurten, ekimen horren barruan emoten diran lau sarietako bat, Bilborentzat izan da, barriro be. Ana Gutierrez eta Daniel Cantera Txurdinaga auzoan bizi diran herritarrek gaur jaso dabe Koldo Narbaizak, Euskera eta Hezkuntza zinegotziaren eskutik bigarren saria, euskerazko jokoen bilduma bat, 100 €an balorautakoa.

Euskara Sailak, jaubeturik ze ardura eragiten deutsen euskeraz berba egiten ez daben gurasoei euskerazko hezkuntzeak, urtero-urtero bialtzen deutse informazinoa ume jaio barriak dituen familiei, Alkarbidegaz elkarlanean, lehenengo momentutik euskeraz komuniketea ze garrantzitsua dan ohartarazotearren.

2018an, 2.250 sorta joko hezigarri bialdu ziran horretarako. Familia guztiei bialtzen jaken informazinoagaz batera, liburuxka bat be bialtzen da, hiztegi bat, eta haregaz batera, DVD bat, esamoldeak, jokoak eta kantuak batzen dituana, gurasoek praktikau deien.

Kontuak kontu, etxean aukerea izango da umeakaz euskeraz olgetako, hizkuntzearen erabilerea eta ikasketea motibau eta indartuz. Familia protagonista da seme-alabak hazteko prozesuan, baita umeek hizkuntzak ikasteko prozesuan be, nahiz eta hizkuntzetako bat jakin ez. Euskeraz hazteko, beharrezkoa da ingurune bat.

Programa honek webgunea be badauka: www.emangiltza.eus. Bertan, euskerearen transmisinoa sustatzeko eta ziurtatzeko jarraibideak, tresnak eta baliabideak batu dira, baita gurasoen lekukotzak be, argibideak emonez dudak, ardurak eta bildurrak dituenentzat.

Programeak inkesta bat beteteko gonbita egiten dau, holako ekimen gehiago atondu ahal izateko, gurasoen eretxia kontuan hartuta. Euren ekarpena eskertzeko, hainbat opari emoten jakez, zozketa bidez, galdera-sorta horretako lauki guztiak bete dituenei.

Aurten, Bilbori tokau jako sarietako bat: hori dala-eta, Ana Gutierrezek eta Daniel Canterak, euskerazko jokoen bildumatxu bat jaso dabe, semeagaz eta alabeagaz gozetako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu