UPV/EHUn nazinoarteko 2.307 ikasle izan dira
2019-07-02 10:45 KultureaEHUk datozen urteetarako Nazinoartekotze Estrategia aurkeztu dau.
Euskal Herriko Unibersidadean atzerriko 2.300 ikasle baino gehiago dabiz ikasten. Hori izan da erakundeko errektore Nekane Balluerkak emon dauen datuetako bat, euskal unibersidade publikoaren Nazinoartekotze Estrategiaren aurkezpenean. Ekitaldian, errektoreagaz batera egon dira Marta Barandiaran, Koordinazinoaren eta Nazinoarteko Hartu-emonetarako errektoreordea; José Luis Martín, Ikerketearen arloko errektoreordea; eta, Arturo Muga, Garapen Zientifikoaren eta Transferentziaren arloko errektoreordea.
Estrategiaren aurkezpenean, euskal unibersidade publikoaren orain arteko nazinoartekotze politikearen datu nagusiak emon ditue, eta datozen urteetarako arlo horretan finkatutako helburuen barri be emon dabe.
Prestakuntzea
UPV/EHUk bere nazinoartekotze maileari buruzko datu esanguratsuak emon ditu; 2018/19 ikasturtean unibersidadean ikasketak egin dituen atzerriko ikasleen kopurua: 2.307 persona: 899 gradu, 638 master eta 770 doktoregotza. 2016. urtearen amaierako datuakaz konparauta, ikasle horreen kopurua % 27 igon da, eta horrek bistan ixten dau euskal unibersidadeak nazinoartekotze prozesuan izandako aurrerapen nabarmena. Mobikortasun programetan be positiboak dira emoitzak: gaur egun UPV/EHUk 1.100 muobikortasun hitzarmen baino gehiago ditu sinatuta 51 herrialdetako unibersidadeakaz (horietako 19 lehenengo 100en artean dagoz Shanghaiko rankingean). Nazinoarteko mobikortasun programetan, 1.674 ikasle joan dira atzerrira (% 17ko igoerea), eta antzeko programen bidez etorritako ikasleen kopurua, barriz, 1.242koa izan da (% 33ko igoerea).
Oraintxe bertan, hizkuntza ez-ofizialetan graduko 817 irakasgai eta masterreko 360 eskaintzen dira. Danetara, 1.178 irakaslek C1 maila egiaztatu dabe, irakaskuntzea beste hizkuntza batzuetan emoteko. Irakaskuntzearen arloan be, UPV/EHUk gaur egun nazinoarteko titulu bikotxak eskaintzen ditu eta unibersidadearen barruan 198 doktorego tesi defendidu dira. Bestalde, aurtengo ikasturtean hiru Erasmus Mundus master emon dira eta 2019/2010 ikasturtean holako sei emongo dira. Era berean, 2020-2021 ikasturtean ingelesez osorik eskainiko dau lehenengoz UPV/EHUk gradu bikotx bat: Business and Economics.
Etorkizunari begira, UPV/EHUk aliantza estrategikoak bultzatzeko eta Graduondokoen Latinoamerikako sarea errotzeko helburuak planteau ditu, arlo horren barruan. Era berean, prestakuntza eskaintzearen nazinoartekotzea bultzatuko dau, eta ikasketak, praktikak eta prestakuntzea egiteko mobikortasuna dibersifikauko dau, batez be, AEBetan, Kanadan, Asian eta herrialde nordikoetan.
Ikerketea
UPV/EHUk 102 proiektu lortu ditu Horizon2020n (Europar Batasuneko ikerketa eta barrikuntzako oinarrizko programa bat), eta liderra izan da horreetako 13tan (osoaren % 19). Proiektu horreek 30 miloe euroko diru sarrerea ekarriko dabe, programeak iraun dauen bost urteetan. Kopuru hori UPV/EHUk ikerketen bidez lortutako diru sarrera osoen % 21 da, eta horrek erakusten dau denpora tarte horretan aurreko programearen bidez 7 urtetan lortutako zenbateko bera lortu dala.
Ikerlanaren nazinoartekotzea bultzatzeko, euskal unibersidadeak planteautako ekintzen artean, aitatzekoak dira, besteak beste, produkzino zientifikoa ADDI (Irakaskuntzako eta Ikerketako Artxibo Digitala) erakunde gordailuan sartzea, ikertzaileei argitalpen edegiei buruzko prestakuntzea emotea (Open Access), eta ORCID kodeak (Ikertzaile eta Kolaboratzaile Identifikatzaile Edegia) erabiltea. Unibersidadeak bultzatuko ditu Nazinoarteko I+G Proiektuen Bulegoa, Nazinoarteko Bikaintasunaren Euroeskualdeko Campusa eta irakasle-ikertzaileen nazinoarteko mobikortasuna.
Nazinoarteko rankingak
Euskal Herriko Unibersidadeak postu onak lortu ditu azken urteotan nazinoarteko ranking batzuetan. Gaur-gaurkoz, munduko 400 unibersidade onenen artean dago Shanghaiko rankingean (300-400eko tartean, 100. postutik unibersidadeak ez baitira banaka antolatzen, tarteetan baino), eta 50 urte baino gitxiagoko unibersidadeetan, barriz, lehenengo 200 onenen artean dago (150-200eko tartea), Times Higher Education rankingaren arabera.
Etorkizunari begira, helburua arlo honetan da UPV/EHU unibersidade kalidadea neurtzen daben erreferentziako rankingakaz lerrokatzea.
Nekane Balluerka errektorearen eretxiz, datu horreek erakusten dabe, alde batetik, UPV/EHUk ikasketak atzerriko hizkuntzetan egiteko aukeera emoten deutsela bai Euskal Herrian geratzea erabagi daben ikasleei bai nazinoarteko egonaldi bat egitea erabagi dabenei be; bestetik, gure unibersidadea gero eta erakargarriagoa dala beste herrialde batzuetako ikasleentzat. Gainera, ikerketaren arloan beste unibersidade batzuekaz izandako lankidetzeak muga ugari gainditu ditu, eta horrek posizino ona lortzeko aukerea emon deusku nazinoarteko ranking erreferentean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!