Bilboko sekretuak dendarik denda

Bizkaie! 2019-07-02 09:36   Pil-pilean

Garagarrilaren 4an izango da lehenengo hitzordua, 18:00retan.



Bilbokoa zara, baina, ba al dakizu zein dan etxebizitzarik zaharrena edo non dagozan erdi aroko harresiak? Eta zuk, uriko hotel moderno batean lo egiten dozun bisitari hori, lehenengoa non kokatuta egoan jakin gura duzu? Segurutik, Santiagoko Katedrala mobiduten dala ez dakizu, edo Azkuna Zentroaren zimenduen azpiko sekretuak be ez.

Enigmok eta bestelakoak argitzeko Hemengo Shopping udako ibilbide gidatuen bigarren edizinoa martxan dago, Bilboko saltoki berezi eta adierazgarrienen bitxikeri eta anekdotak ezagutzera emoten dituan ekimena, bilbaoDendak-ek antolatua, Bilboko merkataritza eta turismo jarduerea sustatzeko alkartea.

Pasa dan udan antolatutako lehenengo edizinoak upealako erantzuna izan eban publikoaren artean, eta bilbaoDendak-ek esperientzia errepetidutea erabagi dau, bai igaz parte hartu eben establezimenduakaz bai lehenengo aldiz parte hartuko dabenakaz be.

Kontuak kontu, garagarrileko eta abuztuko eguen guztietan -garagarrilak 25 eta abuztuak 15 jai egunak kenduta- 18:00etatik aurrera, Bilboren bitxikeri eta historiatik bidaiatu nahi dauenak ibilbide bi izango ditu aukeratzeko; horreetako batek Santiagoko Katedrala dau abiapuntu eta Alde Zaharra eta honen inguruetatik ibiliko da. Besteak, barriz, Moyua plazan izango dau hitzordua eta Zabalgunetik ibiliko da. Bisitotan parte hartzeko ez da izenik emon behar, alkargunean adierazotako egun eta orduan egoteagaz nahikoa da.

Hemengo shopping ibilbideek historia, kale eta denden bitartez Bilbo erakustea dabe helburu -edo ezagutzen dauenari barriro erakustea-. Gainera, uriaren bilakaerea eta betiko denden arteko anekdota-bilduma ederra azalduko da, merkataritza ekimen barriak baztertu barik.

Zer da txakinarto?

Dendariakaz hartu-emon zuzenak izatea eta saltokien dendaosteak ikustea da bilbaoDendak alkartearen proposamena: moda eta osogarriak, janari-dendak, gourmet, izozki-dendak, etxerako osogarriak, artea eta kulturea, besteen artean.

Parte-hartzaileek Bilbo beste ikuspuntu batetik ezagutzeko aukerea izango dabe: leku, zehetasun eta produktu originalak, bertoko establezimendu askok dituen bitxikeri, sekretu eta berezitasunakaz batera.

Labur esanda, Hemengo Shopping ibilbideen helburua da bertoko merkataritzearen garrantzia azpimarratu eta, aldi berean, aisialdi alternatiba originala eskainiz bai herritarrentza eta bai udan Bilbo bisitetan dabenentzat. Beti ezkutuan geratzen dana ikusteko aukerea eskaintzen dabe, uriko saltoki berezienen atzean geratzen dana, barrutiko historiaren inguruan gida turistikoetan normalean egoten ez diran sekretuak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu