'Symfeuny', Deabru Beltzak-en seigarren ikuskizuna
2019-06-28 08:05 KultureaPerkusinoa erabilita, publikoa inguratzen dauen esperientzia ikusgarria da.
Euskal Herriko kale antzerkiaren ikur nagusietako batek, Deabru Beltzak konpainiak, ikuskizun barria aurkeztu dau Bilbon agintari eta guzti egindako agerraldian. Garbitxu eta Zesar Arroyo taldekideakaz batera agertu dira Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultura sailburua, Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera zuzendaria eta Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko zinegotzia.
Symfeuny ikuskizuna perkusinoan oinarrituta dago, eta Deabru Beltzak-en kasuan ohikoa dan moduan, zenbatgura piroteknia eta efektu berezi ditu. Publikoa inguratzen dauen esperientzia ikusgarria dala dinoe konpainiako kideek, bi zatitan banatuta: oholtza ganeko antzezpena eta kalejira ibiltaria.
Arlo artistikoan zein produkzinoan erronka barria izan da Symfeuny Deabru Beltzak-entzat, euren ohiko estiloagaz bat datorren gaueko kaleko ikuskizunagaz gan, oholtza ganeko antzezpena gehitu deutsielako. Guillaume Pujolen taldeak preparauko ditu piroteknia efektuak, musikea Aitor Furundarenak sortu dau eta eszenografia Ikerne Gimenezen ardurea da. Hortaz, arlo guztietan eskamentu handiko profesionalen laguntzinoa izan dabe.
Oholtzan zein kalejiran, hamar musikari-aktore egongo dira une guztietan. Kalejirearen txandan, Deabru Beltzak-eko kideak publikoagaz batera ibiliko dira kalerik kale. Ibilbidean sorpresadun geldialdiak egingo ditue. Behin oholtzara helduta, koreografiak egingo ditue artistek, pirotekniaren erritmoan. Amaiera zalapartatsu eta ikusgarria agindu dabe.
Obra honen lehenengo emonaldia Gasteizko Kaldearte jaialdian izan zan, bagilaren 8an. Estreinaldi ofizial eta behin betikoa, baina, Bilboko Kalealdian egingo dabe, garagarrilaren 5ean eta 6an. Donostiako Musika Hamabostaldiaren 80. urteurreneko ekitaldietan parte hartuko dabe abuztuan, Libourne eta Quimperléko jaialdietan agertu aurretik. Udagoienean nazinoarteko bireari ekingo deutsie.
Deabru Beltzak 1996an sortu eben, Bilbon, kaleko ikuskizunetako zein beste disziplina batzuetako sortzaileek. Ikuskizun ibiltariak dira euren espezialidadea. 23 urteotan 30 herrialde ingurutan izan diranez, Bingen Zupiria sailburuak adierazo dau euskal arte eszenikoen ordezkari eta enbajadore dala Deabru Beltzak. Symfeuny taldearen seigarren ikuskizuna da.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!