Mongoliako azentudun heavy-metala
2019-06-27 13:53 BidaideSingle bi nahikoak izan dira The Hu talde bitxia mundu zabaleko fenomeno bihurtu daiten.
Astelehen bateko goizeko bederatzirak ez dira, itxuraz, heavy-metal talde bati alkarrizketea egiteko momenturik onena. Baina The Hu taldeko kideak ordu-orduan heldu dira entseguetarako erabilten daben Ulan Batorreko estudiora. Biharamun arrastorik ez daukie. Egun gitxi barru Europako hamahiru herrialdetara eroango dituan birea hasiko dabe, eta kafe egin barriaren usaina lez, euren emozinoak airean dagoz. Oraindino ez dabe euren lehenengo diskoa argitaratu, irailera arte itxaron beharko da, baina single bi nahikoak izan dira Mongoliako talde bitxi hau mundu zabaleko fenomeno bihurtu daiten.
Bideo musikal biek, Yuve Yuve Yu eta Wolf Totem-ek, 30 miloe bisita baino gehiago izan ditue, eta taldearen Facebook orriak 100.000 jarraitzaile baino gehiago daukaz. Lorpen handia, hiru miloe biztanledun herrialde baten sortutako banda independente batentzat. Tuga Namgur managerrak azaldu dauenez, joten daben musikearen ezohikotasuna da arrakastearen giltzarria.
Izan be, narru eta metalezko buruhazurren gaindosia beste edozein metalzaleren parekoa dan arren, rock gogorreko akordeak Mongoliako tresna tradizionalakaz joten ditue, eta eztarriko kantua izeneko teknikea darabile. Publikoak zein prensa berezituak berba gozoak baino ez ditu The Hurentzat, eta kontzertuetan estadioak beteten ditue.
Baina honaino heltzea ez da erraza izan. Taldean joten edo kantetan ez dauen batek zabaldu eban bidea orain dala zazpi urte: B. Dashdondog produktoreak, Dashka izenagaz ezagunagoa. Musikearen munduan 30 urte beharrean pasau eta gero, era guztietako taldeakaz, beti gauza bardina entzuteaz kantsau nintzan, eta soinu barri bat bilatzea pentsau neban. Mongoliako musika tradizionalak aztertu, zuztarretara jo, eta barriro asmau nebazan. Aitaren probintziara -Khovd- joan nintzan, eztarriko kantuaren bihotza han dagoalako, eta antxinako soinuok gaur egungo erritmoakaz nahastauteak emoitza ona ekarri leikela pentsau neban, kontau dau.
Dashkak onartu dau ez zala erraza izan talderako musikari aproposak topetea. Gitarra elektrikoa jotea erraza da, baina Mongoliako tresnak, morin khuur eta tovshuur adibidez, joko dituan jente gitxi dago. Konserbatorio Nazionalean hasi zan bila. Baiezkoa emon eutsan lehenengoa Galbadrakh Tsendbaatar izan zan, ezizenez Gala. Egia da tresna tradizionaletakoa dala gure prestakuntzea, baina Nirvana, Metallica eta AC/DC dira gure erreferentziak. Ez neban zalantzarik egin, gogoratu dau musikari gazte horrek.
Ganerako taldekideek handik gitxira egin eben bat, alkar ezagutzen ebelako. Bakotxak izango eban rola zehaztea eta soinu egokia topetea luze joan jaken. Zorionez, musika tradizional mongoliarra ez da musika klasikoaren modukoa. Erritmoak rockero samarrak dira berez, baina orain arte inork ez deutso ezaugarri horri probetxurik atera, ganeratu dau Nyamjantsan Galsamjants-ek -ezizenez, Jaya-. 30 urte bueltako eta ule luze eta leundun mutil hau da The Huko abeslari nagusia. The Hu izena danen adostasunagaz onartu eben, hasieratik izen aproposa begitandu jaken. Hu gizakia izentetako berbea da mongolieraz, huu ahoskatuta semea edo alabea esan gura dau. Mongolierazko berbak konplikaduak dira, baina Hu edonork irakurri leike, dino Jayak irribarrez.
Rock hunnu izena emon deutsie euren estiloari, Gengis Khanek sortu eban inperioari erreferentzia eginaz. Subertea izan dogu, gure musikeak zaleak izan ditualako hasieratik eta diskoetxe batzuek eskaintzak egin deuskuezalako. Talde gitxik aukeratu leikie lehenengo diskoa atera baino lehen, eta are gitxiago munduko konpainia independenterik handienagaz kontratua sinatzea, Seven Elevenegaz, dino Namgurrek harrotasunez. Dana dala, Mongolian bertan arrakastea izatea atzerrian baino gehiago kostau jake.
Egia esan, hasieran ez euskuen kasu larregirik egin. Uste dot musika tradizionaleko banda bat gehiagotzat hartu gintuela. Baina atzerriko audientziek bai, zeozer guztiz barritzat ikusi gintuen, eta horri esker heldu ginan iTunes, Billboard eta antzeko rankingen goialdera. Orduan hasi zan mongoliar batzuen jakinmina, gure musikea entzun, eta esan eben, 'hara, honeek mutilak onak dira!', dino Jayak. Gure arrakastea guztiz organikoa izan da, ez dogu promozinorik egin, ez Youtuben gure bideoei bultzadea emoteko erremintarik erabili. Ahoz ahokoa izan da dana, eta orain 4-5 miloe bisita doguz hilean, zehaztu dau Enkhsaikhan Batjargalek -Enkush-.
The Huk estadioak bete ditu Ulan Batorren, eta jentea hu, hu, hu! didarka hasi da, gerrako oihua balitz lez. Laster, oihartzuna Europara helduko dalakoan dagoz taldekideak. Edozelan be, eurena pakearen aldeko mezua dala dinoe. Euren kantuetan ingurumena jagotearen aldeko mezuak sartzen ditue, eta burruka bat eta bakarra bultzatzen dabe, hau da, Mongolian gogor jo dauen krisi klimatikoaren kontrakoa. Gure herrialdeko ingurune ederrenetako batzuetan grabau doguz geure bideoak, jentea gure arbasoek lagatako naturaz harro egon daiten, eta hurrengo belaunaldiei oinordetzan ixteko beharrizana dogula aldarrikatzeko, azaldu dau Naranbaatar Temuulenek -Temka-.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!