XIII. Astola kalean dago
2019-06-26 12:11 KultureaUdabarrira aurreratu da argitalpena, urtero bolada horretan argitaratzeko asmoagaz.
Atxondo bailaran bizi ziran Martzaatarrak eta Gipuzkoagaz mugan merkataritza trafikoaren kontrola izatea zan euren ardura nagusia. Jose Manuel Gonzalez Cembellin, Bilboko Eleiz Museoko zuzendariak, Astola aldizkariaren 13. zenbakirako Erdi Aroan Durangaldean bizi zan leinu honen historia eta istorioak batu ditu. Tartean horreek azalduko deuskuz Martzaa auzora (Atxondo) egingo dan bisita gidatuan. Leinua, torretxea, auzoagaz hartu-emonak eta sasoirako abangoardiakoa zan eleizea - bere erretaula bitxi eta guzti- ezagutzera emongo ditu.
Bisitea bagilaren 30ean, domekan, izango da, 11:30ean, Apatamonasterion, Oinez Bidearen (bidegorriaren) sarreran. Oinez Martzaa auzora (10 minutuko ibilbide erraza), bertan auzoan zehar azalpenak eta gero San Martin eleiza barruan bisitea. Bisita gaztelaniaz izango da. Iraupena: Ordu t’erdi. Prezioa: 5€ (Astola aldizkaria opari).
Gerediaga Alkarteak sustatuta, orain 13 urte bere ibilbidea hasi eban ikerketa eta historia urtekariak zenbaki barria dauka. Ikuspegi pausotuago batetik, eskualdearen historia, gaurkotasuna, ondarea ezagutzera emoteko argitalpena da. 2019ko alean beste 9 artikulu, erreportaje eta ikerketa dagoz hamarkada bateko bildumeari eutsiz.
Ohiko prezioan (5 euro) eta ohiko eskualdeko saltokietan salgai dago Astola. Gerediagako bazkideek doban jaso leikie ale bat, alkartearen bulegoan (Larrasoloetan 3, Durango).
Saltokien zerrendea: Durangon, Arteka - Etxebarria - Hitz liburudenda - Urrike; Iurretako Urkin; Elorrioko Kamikopiak eta Ilargin; Abadiñoko Arrinda Estankoan eta Petiten; Berrizeko Etxebarrian eta Amalur-en
Era berean, orain arteko zenbakiak www.gerediaga.eus webgunean eskuragarri dagoz
Astola 13 – Erreportajeen zerrendea
- Paperezko Hitzak. Durangoko aldizkariak (Joseba Gorostiza). Durangon aldizka izan diran kultura arloko, historia edota informazino hutsezko argitalpenen errepasoa egin dau Joseba Gorostiza kazetari elorriarrak.
- Los buitres leonados en el Parque Natural de Urkiola (Iñigo Zuberogoitia). Desagertzeko zorion egon arren, saien populazinoa berreskuratu egin da gure hatxetan. Iñigo Zuberogoitia biologoak hurretik ezagutzen ditu gure artean bizi diran sai-bikoteak, eta euren bizimoduaz idatzi dau.
- Kirikiño eta Montejurra. Gudariak eta erreketeak Durangaldean (Iñaki Goiogana). 1936ko gerraren ondorioz, gure eskualdean militar-talde biren arteko burruken eszenatokia izan zan. Biak be, esanahi sinboliko handikoak: Kirikiño batailoia eta Montejurrako tertzioa. Sabino Arana Fundazinoko artxibo teknikariak Durangaldeko burruken barri dakar.
- La mirada del alemán. La fotografía de Ricardo Doliwa (Txelu Angoitia). 1901ean jaio zan Berlinen Ricardo Doliwa eta hamarkadatan (1940-50) Durangaldeari argazkiak atara eutsozan. Bere argazkien begirada berezia nabarmendu dau Txelu Angoitia argazkilariak.
- Alfabetatze euskalduntze mobimentua Durangaldean (Marisa Barrena). 60ko hamarkadaren hasieratik, euskal kulturearen eta euskerearen berpizkundea izan zan eta horrek bere irakaskuntzea ekarri eban. Durangaldeko mobimentua gogoratu dau Marisa Barrena euskera irakasle ohiak.
- Los Marzana en la Edad Media (Juan Manuel Gonzalez Cembellin). XIV eta XV. mendeetan, armak erabilita eta euren aliantza politikoak erabilita, Martzaako jauntxoak Durangaldean merkataritza kontrola izaten saiatu ziran, batez be Gipuzkoagazko mugan. Juan Manuel Gonzalez Cembellinek Martzaatarren leinuaren profila egin dau.
- De Ezkurdi a Etxezarreta. El arte contemporáneo en Durango (Mikel Onandia). 1970. urtean inaugurau eben Ezkurdiko Udal Kultura Areto eta Euskal Herriko abangoardiako artearen erreferentzia izan zan. Mikel Onandia arte historialariak azpimarratu dauenez, 1984an zabaldu zan Durangoko Arte eta Historia Museoaren hazia izan zan.
- Kofradiak gaur egun (Markel Onandia). Erdi Aroan, auzoetan alkar lagundu eta amankomuneko ondasunen kudeaketarako sortu ziran kofradiak. Gaur egun, Iurretan eta Elorrion kofradietako batzuk euren funtzinoei eutsen deutsee eta Markel Onandia kazetariak jaso ditu.
- Bartolomé de Ercilla Rementeria. La olvidada banda sonora de Durango (Luis Orduña). Bartolome Ertzilla musikari durangarraren bizitza eta lanak badaukaz pasarte ezezagunak. Haren heriotzearen 120. urteurrenaren harira hainbat ekintza abiatu ditue eta Luis Orduña Durangoko Tabira Musika Bandako zuzendariak kontau ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!