Bost urte beteta, gizartean ondo zuztartu da '.eus'

Bizkaie! 2019-06-26 08:15   Pil-pilean

Barikuan ospatuko dabe urteurrena, Bilbon.

Josu Waliño, Lorea Bilbao, Eneko Arruebarrena eta, berbetan, Iñaki Goirizelaia (argazkia: Puntueus) | Ikusi handiago | Argazki originala

Interneteko euskal komunidadearentzako domeinua eskatzeko prozesua aspaldi hasi zanez, badirudi ia betidanik izan dogula .eus domeinua erabilteko aukerea. Baina barikuan, hilak 28, bost urte beteko dira martxan jarri zanetik. Harrezkero, ia 10.000 domeinu izen erregistrau dira, eta gizartean guztiz zuztartutako egitasmoa dala ziurtatu dabe domeinuaren bultzatzaileek, Bilbon egindako agerraldian.

Gero eta erabiltzaile gehiago dagozanez, domeinuak eskuratzeko prezioa merketzeko modua izan dau Puntueus Fundazinoak. Aurrerantzean, .eus domeinu baten alta emotea edo aurretik eukitakoa barritzea 19 euroan egin ahal izango da.

San Mamesko geltokian batu dira Iñaki Goirizelaia, Puntueus Fundazinoko lehendakaria; Josu Waliño, Fundazinoko zuzendaria; Lorea Bilbao, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputadua; eta Eneko Arruebarrena, Metro Bilbaoko kudeatzailea. Geltokian errealidade areagotuko instalazinoa ipini dabe, euskereak sarean be konektau egiten gaituela adierazoteko.

Hain zuzen be, LED pantaila erraldoi bat ezarri dabe geltoki intermodalean, eta kamera eta proiekzinoen bitartez erabiltzaileakaz interakzinoa sortzen dau. Esperientziak parte-hartzea, interakzino fisikoa eta birtuala sustatzen ditu aldi berean. Logela enpresa bizkaitarrak atondu dau instalazinoa, euskeratik eta euskeraz. 

Bosgarren urteurrenagaz lotutako ekitaldi nagusia, baina, barikuan, hilak 28, egingo dabe. Goizeko 11:00etan hasita, Bilboko Kafe Antzokian batuko dira .eus domeinuaren inguruan dabizanak zein parte hartu nahi daben herritarrak. Gonbidapena eskatu behar da sartzeko, doban (hemen). Ospakizun horretako giroa alaituko dabe Oreka TX-k, Mixel Ducauk eta Maika Etxekoparrek.

Iñaki Goirizelaiak azaldu dauenez, 2014an martxan jarri zan domeinua, baina erabiltzaileek zelan erantzungo eben ikusteko egoan: proiektuak bideragarritasunik izango ete eban galdetzen geuntsan geure buruari. Gaur egun, 10.000 domeinu lortzear gagozan honetan, proiektua bideragarria dala erakutsi dogu, baita egonkorra be. Ezagunak gara eta konfiantzea transmitiduten dogu.

Domeinuaren prezioa 19 eurora bajatu arren, .eus-ek beste domeinu orokorrago batzuek baino balio handiagoa emoten segiduko dauela uste dau Josu Waliñok. Euskal domeinuak nortasun propioa, gertutasuna, eta segurtasun gehigarria eskaintzen dituala azaldu dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu