XII. Mendi Film, lankidetzea eta alkartasuna oinarri

Dabi Piedra 2019-06-24 13:40   Zinemea

BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia izen barria hartuta, jaialdiak aro barria hasiko dau.

BBK Salan egindako aurkezpena | Ikusi handiago | Argazki originala

Urte erdi geratzen da Mendi Film jaialdiaren 12. edizinoa hasteko, abenduaren 6tik 15era egingo dabe eta. Baina, Bilboko BBK Salan egindako aurkezpenean, festibalaren inguruko datu esanguratsuak emon ditue antolatzaileek. Lehenik eta behin, izena bera barria izango da: BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia.

Lau erakundek beste horrenbeste urterako sinatutako akordioa da izena aldatzearen arrazoia. Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko Udalak, BBK Fundazinoak eta Mendi Film Alkarteak bat egin dabe, mendiari eta abentureari eskainitako jaialdiari bultzadea emoteko. Horrenbestez, gitxienez hurrengo lau edizinoetan, lau erakunde sinatzaileen markak daroazan izen hori erabiliko dabe.

Goi mailako jaialdia egin ahal izateko, alkarlana beharrezkoa da, adierazo dau Jabi Baraiazarra festibaleko zuzendariak. Lau urteko hitzarmenak gailurrez gailur segitzeko bultzadea emongo deusku. Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura diputaduak be lankidetzearen beharra azpimarratu dau: bakarrean ez dogu inora joan nahi. Mendi Filmek bizkaitarren eta euskaldunen ohiko baloreakaz bat egiten dauela ganeratu dau.

Xabier Ochandiano zinegotziak, Bilboko Udalaren izenean, nabarmendu dau urian antolatzen diran zinema-jaialdien artean esanguratsuenetako bat bihurtu dala Mendi Film. Datuek baieztau dabe hori: Eduardo Martinez jaialdiko presidentearen esanetan, urte gitxian hirukoiztu egin da ikusleen kopurua. Igaz, 12.000 izan ziran. BBK Fundazinoko Nora Sarasolak, horren kontura, aitatu dau jaialdiari hazten lagundu nahi deutsiela.


Kartel ikusgarria

Aurreko urteetako ohitureari eutsiz, 12. edizinoko kartela be goi mendian hartutako argazki ikusgarri baten oinarritua dago. Kasu honetan, Christian Pondella argazkilari amerikarraren Top of Africa da aukeratutako irudia, Tanzaniako Kilimanjaro mendiko glaziar bateko izotzean gora doan eskalatzaile bat erakusten dauena.

Kilimanjaroko glaziarrak desagertzen dagoz, horregaitik, kartela aldaketa klimatikoaren inguruko gogoetea sortzeko asmoz egin dogu, azaldu dau Baraiazarrak. Mendi Filmek hasiera-hasieratik izan dauen baloreetako bat da naturea jagoteko ardurea.

'Top of Africa', Christian Pondella.


WOP Sariak

Lankidetzeari esker aurrera egingo dau BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaiak. Mendian be, lankidetzea da balore garrantzitsuenetako bat, baita alkartasuna be. Hain zuzen be, aurtengo WOP Sariak ederto erakusten dau mendizaleek alkartasunari emoten deutsien pisua. WOP proiektuagaz lankidetzan emoten dabe urtero sari hori.

2019ko sarituak Nives Meroi eta Romano Benet italiarrak dira. Betidanik alkarregaz joan dira mendira, eta 14 zortzimilakoak igonda daukiez. Baina 12.a, Kangchenjunga, igoteko asmoz ebizala, Benet ondoezik jarri zan. 2012a zan.

Meroik tontorra esku-eskura eukan arren, gurago izan eban bikotekidearen alboan geratu eta bajatzen ahalegintzea, bizirauteko aukera urria euki arren. Azkenean, sufrimendu handien ostean, heldu ziran etxera. Italian, Beneti gaixotasun larri bat topau eutsien, baina transplante bi jaso eta gero, osatu egin zan. Bitarte horretan, Meroi ez zan mendira joan. Benet ondo egon arte itxaron eban, eta orduan, faltau jakezen zortzimilakoak igon zituen.

Bizitzearen bidea aukeratu eban Nives Meroik, tontorrera igotearen aurretik, azaldu dau WOP Fundazinoko Mikel Renteriak. WOP Sarien helburua mendiaren balore sozialak gizarteratzea da, ganeratu dau.


Eskaintza berezia

Mendizale eta zinemazale sutsuenak asetzeko asmoz, sarrerak saltzeko tarte berezi bat zabalduko dabe bagilaren 26an eta 27an, BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaiako arduradunek azaldu dabenez. 48 orduz, eskaintza berezia egongo da webgunean, proiekzino guztiak ikusteko txartela merke eskuratzeko.

Eduardo Martinezek adierazo dauenez, gaur egun mendizaleak ez diran ikusleak be erakarten ditu jaialdiak. Lau urteko hitzarmenari esker, eskaintza erakargarriagoa emon nahi detsie publikoari. Guk beti urten nahi dogu bide arruntetik, ia hurrengo lau urteotan bide barriak zabaltzen doguzan.

Romano Benet eta Nives Meroi.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu