Bilbon 15 su izetuteko baimena emon dabe
2019-06-21 11:56 KultureaSan Juan suetan, urteko gaurik laburrenean, ehunka lagun batuko dira suaren inguruan.
San Juan suetan, urteko gaurik laburrenean, ehunka lagun batuko dira suaren inguruan. Hori dala-eta, Bilboko Udalak gomendatzen dau ahalik eta kontu handienagaz ibilteko, arriskurik ez eragiteko eta gau eder horretaz gozetako.
Bilboko Udalak nabarmendu dau suak izetuteko Espazio Publikoaren Erabilerearen Udal Bulegoaren baimena behar dala, eta ezin dala osterantzean surik izetu. Aurten, 15 su-txondor isiotzeko baimena eman da.
Bilbon, barruti guztietan izango da gitxienez su bat; zehatz esateko, uriko 15 gune honeetan izetuko da sua:
1. barrutia: Berriz Landa (Deustu), Eugenio Olabarrieta plazan, San Pablo eleizaren ostean (Deustuko Erribera), Santa Maria Josefa Sancho de Guerra plazan (Ibarrekolanda – Sarriko).
2. barrutia: Uzturre plazan (Matikoa), Iturriondo plazan (Zurbaranbarri).
3. barrutia: Ugarte plazan (Otxarkoaga).
4. barrutia: Etxebarria parkean, Karmelo plazan (Santutxu).
5. barrutia: Ibaieder parkean (Abusu), Floresta lorategian (San Adrian).
7. barrutia: Eskurtze parkean (Irala) eta Vaguada plaza (Iturrigorri – Peñascal).
8. barrutia: Sirgari kaia (Olabeaga), Ferialekua parkean (Zorrotza) eta Masustegi Estratan, hiru zuhaixkak futbol-zelaiaren atzeko aldean (Masustegi).
Horrezaz gan, gau eder horretan, ospakizunak izango dira Bilbo Zaharrean, eta, nahiz eta ez dan izango surik, umeentzako olgetak, kalejirea, txokolatadea eta erromeria izango dira Bilbo Zaharra plazan.
Gomendioak
Bilboko Udalak gogorarazoten deutse herritarrei ahalik eta konturik handienagaz ibilteko behar ez diran arriskuei aurre eginez. Herritarrentzako Segurtasunaren Sailaren bidez, gogorarazoten da galarazota dagoala isurkari gartsuak, lehergarriak edo ke toxikoak eragiten dituen materialak erabiltea suak izetuteko.
Lege-xedapen horreez eta erakundeek horri buruz emondako beste mezu batzuez gan, Bilboko Udalak honako hau emoten dau jakitera: Sua egiteko materialak pilatzen badira su emon aurretik, txondorra ezin da izan hiru metro baino altuagoa.
Erreteko material horreek solidoak izango dira, eta ondorioz, galarazota dago lehergaiak edo likido gartsuak erabiltea. Era berean, debekatuta dago ke handia edo ke toxikoa sortu leikien materialak erabiltzea (gurpilak, plastikoak, ehun-orioak, aparatu elektrikoak eta abar).
Sua eraikin, linea elektriko, instalazio edo objektu finko nahiz mobikorretatik eta era guztietako ibilgailuetatik 15 metrora jarri behar da.
Suaren inguruan, jentea dagoan alderaino, 4 metroko edo hortik gorako segurtasun-perimetroa egongo da eta perimetro barruan sua jagoten daben personak bakarrik egongo dira.
Galarazota dago sua urbanizautako zoladuraren gainean ipintea, nahiz asfaltoa izan, nahiz losak izan.
Haize gogorra badago eta horrek sua kontroletako traba egiten badau, ez izetuteko aukerea aztertu beharko da. Haizeagaitik alerta meteorologikoa badago, galarazota dago sua izetutea.
Heldu batek gainbegiratu behar dau sua beti.
Suetatik hur ur-tutu malguak, sua jotekoak edo su-itzalgailuak euki behar dira.
Sua dagoan lekutik joan baino lehen, egiaztatu behar da ez dala geratu txingarrik edo hausbero pizturik. Ez da sekula sua bakarrik itxi behar, guztiz amatauta ez badago.
Bilboko Udalak laguntzinoa eskatu gura deutse herritarrei, baimendu bako edota baldintza horreetakoren bat beteten ez daben suak izetutearen kontra, Bilboko Udaltzaingoaren telefonoaren bitartez (092 edo 112).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!