Jon Abril da Elhuyar Fundazinoko zuzendari nagusi barria
2019-06-21 10:29 Pil-pileanKulturgintzan luzaro ibilitakoa da, eta Elhuyarreko kidea da 2012tik.
Leire Cancio Oruetak Elhuyar Fundazinoaren zuzendaritzea itxi dau, zazpi urteren ostean. Fundazinoaren Patronatuak aho batez erabagi dau Jon Abril Olaetxea nafarra izango dala zuzendari nagusi barria. 2012tik da Abril Elhuyarreko behargina, euskera eta partaidetza alorretako aholkularitzako teknikari lanean. Azken lau urteotan, Partaidetza eta Barrikuntza Sozialeko lantaldearen koordinatzailea izan da.
Patronatuko kideen eta lankideen aurrean Jon Abrilek azpimarratu dauenez Elhuyarrek balio sendoak ditu gizarteak egun dituan erronkei heltzeko, eta horreetan sakontzeko premia be azpimarratu dau, euskerearen alorrean, hizkuntza-teknologietan zein zientziaren dibulgazinoan. Bestetik, erronka barriei heltzeko beharra ikusten dau: batetik, klima-aldaketearen aurrean, erakunde berdeagoa izateko konpromisoa hartu behar dogu; eta, bestetik, zaintza erdigunean ipinita, emakume eta gizonen arteko bardintasunean egin doguzan urratsetan sakontzen jarraituko dogu.
Jon Abril Olaetxea Beran jaio zan 1975ean. Komunikazino Zientzietan lizentziaduna da EHUn, Euskal Ikasketak eta kultura zientifikoaren pizgarria eta Gizarte Hezkuntza eta Gizarte eta Kultur Animazioa graduondokoak ditu, eta Hizkuntza aniztasunaren kudeaketa enpresa eta integraziorako politiketan eta Kultur eta Arte Erakundeen Zuzendaritza eta Kudeaketa aditu-ikasketak eginak ditu.
2012an Elhuyarren hasi aurretik, hainbat lanetan ibili zan: kazetari, Euskaldunon Egunkarian, Xorroxin Irratian eta Ttipi-Ttapa Telebistan. Berako Udaleko kultura teknikaria izan zan, eta politikagintzan be jardun eban, Aralar alderdian. Berako alkateorde izan zan.
Kulturgintzan be esperientzia zabala dauka Abrilek. Euskal Herriko eta Nafarroako bertsolari txapelketetako epailea da, idatzizko hainbat lan argitaratu ditu, eta, ikus-entzunezkoetan, Neskatoak dokumentala zuzendu eban.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!